Irudietan: San Pelaio bigarrena

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 27a

Askorako eman du San Pelaio bigarrenak ere: oilasko biltzea, Gazteen Danborrada estreinakoz, presoen aldeko bazkaria... . Bihar emango zaie amaiera jaiei

San Pelaio bigarrenarekin bat eginez, oilasko biltzea egin dute goizean Iñurritza Jai Batzordeko kideek eta hainbat bizilagunek. Iñurritzatik abiatu zdira 06:00etan, eta ibilbidean hainbat geldialdi egin dituzte, ohiko dantza egiteko. Bien bitartean, baserri, etxe eta taberna batzuetako jabeek mokadutxoak eta edariak ere eskaini dizkiete. 14:00ak pasatxo iritsi dira Iñurritzako zelaira. Alde Zaharrean, berriz, Gazteen Danborrada egin dute. Aurten antolatu dute aurreneko aldiz, eta eguerdian astindu dituzte danborrak. Gazteek, eta ez hain gazteek hartu dute parte ekitaldian, eta gogotik pasatu dute. Gaurkoa, gainera, haurren eta gaztetxoen eguna izan da, eta haientzako makina bat ekitaldi izan dira; besteak beste Kulkiren egurrezko jokoak, haur parkea  eta apar festa Iñurritzan, eta disko festa Musika Plazan. Txosnaguneko egitarauaren barruan, hainbat herritar elkartu dira presoen aldeko herri bazkarian. Umoretsu eta gogoz, jaia eta aldarriak uztartu dituzte. Patatak errioxar erara jan ondoren, Andoni gitarristak girotu du bazkalostea. Gaueko kontzertuekin emango diote amaiera sanpelaioei. Iñurritza auzoan, ordea, bihar izango da jaien azken eguna: hala nola, haur jolasak, giza proba eta kontzertuak izango dira. Urola Kostaren flickr kontuan daude argazki guztiak ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide