Gloria Vazquez eta Jesus Arana, Udaltzaingoaren parean (Aritz Mutiozabal)
Iaz hainbat eraso sexista izan ziren herrian, eta mugimendu feministak proposamen batzuk egin zizkion udalari. Horietako bat izan zen autobus zerbitzua gauez ere eskaintzea. "Horretarako arazo teknikoak zeudela ikusita, udalaren proposamena izan da taxien bidez bideratzea zerbitzua, eta horrela bermatuko dugu emakumeak etxeraino eramatea gauez", adierazi du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek. Uda honetarako lanketa egin du Udal Gobernuak, eta sanpelaioetan hasi eta udaldi osoan taxi-bus zerbitzu berezia jarriko du abian.
Jarduneko alkate Jesus Aranaren hitzetan, "inoiz ez da horrelako esperientzia bat egin Zarautzen, eta, orduan, gure asmoa da aurten zerbitzu pilotu gisa jartzea, ekainean hasi eta irailera arte, ostiral eta larunbat gauetan". Aurtengo esperientzia datuak jasotzeko baliatuko dute, aurrera begira ahalik eta zerbitzu eraginkorrena eskaintzeko.
Udaltzaingoaren aurrean izango du geltokia, eta 01:00etatik 05:00etara eskainiko da. Ekainean bost gauetan eskainiko dute zerbitzua: hilaren 25ean, 26an, 27an, 29an eta 30ean. Uztailean, abuztuan eta irailean, ostiraletan eta larunbatetan; abuztuan, asteburuez gain, Aste Nagusiko gauetan ere bai. Zerbitzuak irailaren 14-15eko asteburura arte iraungo du.
Zerbitzua "eskatu ahala" izango dela izango dela gaineratu du Aranak, ez baitu linea edo ordutegi finko bat izango; eta gehinez ere 15 minutu itxaron beharko dela. Taxi-bus zerbitzua den heinean, pertsona bat baino gehiago jaso ditzake aldi berean, eta norbera bizi den tokira eraman. Zerbitzua herrira soilik mugatuko da, ez baita kanpora irtengo, eta oinarrizko bi tarifa izango ditu: Zarautzen eta inguruko auzoetara joateko 2 euro balioko du, eta Talaimendira bidaiak 3,5 euro. Erabiltzaileek taxi-buseko tiketak aurrez jaso daitezke Udaltzainetan –momentuan ere hartu ahalko dira– eta datorren astetik aurrera HAZen ere bai. Aipatu tiketa taxi-bus gidariari emango zaio, momentuan berari ordainduz.