Pepe Txabillok eta erraldoien konpartsak igoko dute bandera Zarauzko sanpelaioetan

Aritz Mutiozabal 2018ko ekainaren 15a

San Pelaio Makila emango diete danborradako ordezkariek Txabillo Zarauzko erraldoien eta buruhandien taldeari, ekainaren 25eko gauean

Zarautzen, sanpelaioen aurkezpena atzo. (Aritz Mutiozabal) Atzo arratsaldean aurkeztu zuen Xabier Txurruka Zarauzko alkateak San Pelaio jaien egitaraua, danborradetan parte hartuko duten hainbat kiderekin nahiz haurrekin eta zenbait buruhandirekin, eta nabarmen adierazi zuen herriko erraldoiek "protagonimo berezia" izango dutela aurten. Izan ere, Jose Mutiozabal Pepe Txabillo eta Txabillo erraldoien nahiz buruhandien taldearekin hasiko dira Zarauzko festak. Danborradako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote taldea horri ekainaren 25eko gauerdia baino lehenxeago, eta, gero, bandera igoko dute udaletxeko balkoian, Pepe Txabillo omenduz. Aurten, festen hasierako hiru suziriez aparte, ez da bestelako suzirik edota trakarik botako, zaratarekiko sentikorrak diren herritarrekin begirunez, alkatearen arabera. Hala ere, ekitaldia ikusgarria eta berezia izango dela azpimarratu zuen, sorpresaren bat izango dela aurreratuz. Gainerakoan, Zarauzko Musika Bandak girotuko du ekitaldia. San Pelaio bezperan ez ezik, erraldoiak eta buruhandiak presente izango dira jaietako ia egun guztietan, baina batik bat ekainaren 24an, Erraldoien eta Buruhandien Zarauzko III. Topaketan. Bidasoakoek, Iruñeko Alde Zaharrekoek eta Zarauzkoek hartuko dute parte.

Hiru danborrada

Aurten hiru danborrada izango dira sanpelaioetan: haurrena, elkarteena eta gazteena. Lehenbizikoa haurrena izango da, ekainaren 25ean: alkateak makila emango dio eguerdian Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari, eta arratsaldean, XL. agerraldia egingo dute kalez kale, Azken Portutik, Iñurritzatik, Vista Alegretik eta Itxasmenditik aterata. 40. aldia izanik, egitasmoa antolatzen duen Haur Kultur Taldeari omenaldia egingo diote, Lege Enparantzan, parte hartzaile denak bertan jotzeko elkartuta. Helduen danborrada ekainaren 25ean gauez izango da, eta hamabi elkartek hartuko dute parte: Arkaitz Mendi, Kayua, Carballeira, Arrano, Cachi Bachi, Udaberri, Francisco Zurbaran, Urpekoak, Ongi Etorri, Batzokia, Iñurritza eta Alkartasuna. Zigordia kaletik irtengo dira, 23:00etan, eta Lege Zaharren enparantzan egingo dute geldialdia, San Pelaioei hasiera emateko ekitaldian. Hirugarren danborrada gazteena da, aurten estreinakoz antolatu dutena. Ekainaren 27an egingo dute, Haurren eta Gazteen Egunean, eta 12:00etatik aurrera ariko dira danborrak astintzen herriko kaleetan zehar. Iaz bezalaxe, Zarauzko Udaleko Jaiak eta Ekitaldiak Sailak zapi urdinak aterako ditu jaietarako, eta doan banatuko ditu San Pelaio bezperan Lege Zaharren enparantzan eta herriko tabernetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide