Zarauzko Alkoholiko Anonimoak, asteartero

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko ekainaren 4a

Hondartza taldeak 55 urte daramatza alkoholarekin arazoak dituzten pertsonei laguntza eskaintzen. Astearteetan elkartzen dira, 20:00etan, Langako plazako 16. zenbakian. Urteurrena dela eta, hilaren 29rako hitzaldi bat antolatu dute.

Alkoholiko Anonimoen Zarauzko taldearen egoitza (Hondartza taldea) Alkoholiko Anonimoak elkartearen Hondartza taldeak 55 urte bete ditu. Alkoholarekin arazoak dituzten zarauztarrei laguntza eskaintzen die, eta horretarako, astero biltzen dira, taldean hitz egiteko."Hondartza taldearen ateak zabalik daude beharra duten guztientzat", gogorarazi dute. Asteartero elkartzen dira, 20:00etan, Langako plazako 16. zenbakian.

Hitzaldi irekia eskainiko dute hilaren 29an

Bestalde, urteurrenaren harira hitzaldi bat antolatu dute. Hilaren 29an gaixotasun hori hainbat ikuspegitatik azalduko dute zenbait lagunek. Zehazki esateko, hitza hartuko dute Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideek, Al-Anon elkarteko kideek (gaixoen senitartekoen elkartea) eta Libe Intxauspe psikiatrak. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Antoniano aretoan. "Alkoholiko Anonimoetan ikasi dugu alkoholismoa gaixotasuna dela, eta hala onartua du Munduko Osasun Erakundeak ere. Fisikoki eta mentalki eragiten digu gaixotasunak, eta horregatik, alkoholik gabe bizi behar dugu, geure buruak eta ingurukoak ez kaltetzeko". Horregatik, lanean jarraitzeko asmoa du Hondartza taldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide