"Gutxirekin asko egiteko indarra" ospatuko dute eskola txikiek Oikian

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko mai. 29a, 18:32

Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festa ospatuko dute ekainaren 10ean, Oikian. 26 herri eta auzo txikitako ordezkariak bilduko ditu festa egunak

https://youtu.be/GrGspi0EEbg Gutxirekin asko egiteko duten indarra ospatuko dute ekainaren 10ean Oikian egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festan. "Erronka handia izan da guretzat, baina esfortzu eta gogo izugarria jarri dugu", aipatu dute Oikiako eskolakoek. Festaren antolaketan «Oikia osoa» ari da: ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herriko jendea.  Orain, jaia aurkeztu dute, egingo den tokian bertan, Oikian.  Aurkezpenean parte hartu dutenak izan dira: Ainara Etxenausia Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Koordinakundeko presidentea, Itziar Garciarena Oikiako Eskolako zuzendaria, Dambo Diaby eta Urko Larrañaga Oikiako eskolako ikasleak, Unai Gijarro Oikiako Kolarre Guraso Elkarteko kidea, Mikel Goñi Eskola Txikien irakasle koordinatzailea  eta Uxoa Urbieta Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioko ordezkaria. Denek ere, eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatu dute. Horregatik, eskola hauen aldeko festan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. "Eskola Txikien komunitatea osatzen dugun herritar zein auzokideak festa giroan elkartuko gara eskolak herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzeko. Urtero bezala, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik aldarrikatuko dugu", nabarmendu du Etxenausiak. Ildo beretik hitz egin du Oikiako eskolaren zuzendariak, nabarmenduz Eskola Txikien Festa "ezinbestekoa" dela, eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko eta herrietako eguneroko bizitzan duten eragina azpimarratzeko. "Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira; bertan, umeak aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Eskola txikiak kalitatezkoak eta modernoak dira. Egunero erakusten dugu gutxirekin asko egiteko indarra, eta hori ospatu nahi dugu jai honekin", azpimarratu du Garciarenak. Oikiako eskolak ibilbide luzea du, eta gaur egun, 38 haur daude bertan: 17 Haur Hezkuntzan eta 21 Lehen Hezkuntzan. Duela urte batzuk, Oikian eskola berria egiteko proiektuarekin hasi ziren buru-belarri lanean. Izan ere, gaur egungo eraikina zaharra da, eta leku falta handia dute. Momentu honetan azken pausoak ematen ari dira, eta urte amaieran eraikin berria eraikitzen hasiko dira. "Solairu bakarreko eskola izango da, eta zerbitzu guztiak bertan izango ditugu: ikasgelak, jangela, gimnasioa eta liburutegia", aipatu du eskolaren zuzendariak.

Ikasleak protagonista

Ekainaren 10ean Oikian ospatuko den Eskola Txikien Festan, haurrak izango dira protagonistak. Esaterako, harrera ekitaldian, eskultura berezi bat egingo dute elkarlanean. «Guztiok gure hatz markak jarriko ditugu, eta gero, eskultura hori Oikiako eskola berrian jarriko da. Zuen beharra daukagu, beraz, etorri gurekin festan parte hartzera!", egin du festarako deialdia Diaby Oikiako ikasleak. "Gogo handia dugu festa eguna iristeko, eta aurretik lan asko ari gara egiten: eskola margotu dugu, gune bakoitzetan jartzeko kartelak egin ditugu eta dantza eta koreografiak ere prestatzen ari gara", gaineratu du Larrañagak, hori ere Oikiako ikaslea. Eskola Txikien Festaren aurkezpena, Oikian (Izaskun Urbieta). Ekainaren 10ean 10:30ean hasiko dute festa ikasleak prestatzen ari diren ikuskizun koloretsuarekin. Harrera ekitaldi hori, hain zuzen, eskola berria eraikiko duten eremuan egingo da. Bost gune izango ditu festak, eta askotariko ekitaldiak izango dira egun guztian zehar: tailerrak, jolasak, puzgarriak, Gorriti eta Lopene beren animaliekin, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia, apar festa... "Oikia txikia izanik esfortzu handia suposatu digu festa antolatzeak, bai jende aldetik asko ez garelako, baita baliabide aldetik ere. Hala ere, horrek ez du esanahi festa eder bat antolatzeko gogorik ez dugunik izan, eta ahalegin guztia jarri dugu. Herritarron inplikazioa handia izan da", adierazi du Kolarre guraso elkarteko Gijarrok. Festa eguneko trafikoaren kudeaketa ahalik eta errazena izateko, hainbat aholku ere eman dute. Egun horretan, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katea kostako errepidean egingo da. Ondorioz, A8 autobidez datozenentzat, 48. irteera (Zumaia-Zestoa) hartzea gomendatudute. "Ondoren, Iraetatik barrena, Aizarnazabal igarota, Oikiara iristea izango da komenigarriena". Aparkalekuak Siemens eta Xey enpresen inguruan egokituko dituzte.

Eskolen arteko lotura

Eskola Txikiak Euskal Eskola Publikoaren Sarearen aniztasunaren parte dira. Une honetan Gipuzkoan 26 Eskola Txiki daude, Araban 5 eta Bizkaian 19. Urola Kosta eskualdean bertan bost daude: Aizarnan, Aizarnazabalen, Arroan, Errezilen eta Oikian. "Urte hauetan guztietan egin dugun esfortzuari eta lanari esker, eskola eta hezkuntza ikusteko modu propio bat garatu dugu», adierazi du Goñik. Eskola Txikiek ezaugarri bereziak dituzte; horietako bat da adin aniztasunari ematen dien bultzada. «Hori gure indargune handienetarikoa dela esan daiteke". Horretaz gain, tamaina txikikoak dira, baina "txikitasun horrek ematen dizkigun hainbat ezaugarri kualitatibo mantendu egin behar ditugu gure komunitatearen interakzio eta harreman onak bilatzeko", azaldu du. Gainera, eskola horiek landa eremuan kokatzen dira, eta eremu horren iraupenerako estrategikoak dira. "Guretzat, guraso bezala, oso garrantzitsua da herrian bertan eskola izatea, eta gainera, kalitatezkoa. Herritar bezala, berriz, eskolak herriari ematen dion bizitza eta dinamika azpimarratuko nituzke. Etorkizunari begira, bertan sortzen den bizitza beharrezkoa da aurrera jarraitzeko eta ekintzaileak izateko", nabarmendu du Gijarrok. Bide batez, Eskola Txikien arteko lotura azpimarratu du: "Eskola Txikien festak, bide ematen dio lotura horri, eta festa egiteko ere motibo bat da harreman hori sustatzea", gaineratu du. Ekainaren 10eko Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egiteko lagundu duten enpresa, erakunde, eragile eta banako guztiak eskertu dituzte Oikiakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide