Imanol Urbietarekin batera Xake Festarako abestia egin izana eskertu zioten atzo Kontxi Aizarnari. 150 haurrek hartu zuten parte Eskolarteko III. Xake Festan Zarautzen, eta puntu gehien hauek eskuratu zituzten: Zuhaitz Gimenezek alebinetan; Gorka Tafallek benjamietan; eta Aitor Beorlegik, infantil-kadetetan.
Orokieta Herri Eskolak eta Zarautz Kirol Elkarteko Xake Sailak antolatu dute, hirugarrenez, Eskolarteko Xake Festa. 10:00etan hasita, zortzi eta hamasei urte arteko gaztetxoek hainbat partida jokatu zituzten atzo egun osoan zehar Orokietako frontoian.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 150 gaztetxok hartu zuten parte atzo festan. Zarauztarrez gain, Urola Kostatik (Azkoitia, Azpeitia, Aia, Getaria) eta beste hainbat herritatik ere bertaratu ziren jokalariak: Donostiatik, Santurtzitik, Barakaldotik, Hendaiatik, Irundik, Eibartik, Arrasatetik, eta abar.
Puntu gehien, azkenean, ondorengo gaztetxoek eskuratu zituzten: Zuhaitz Gimenezek alebinetan; Gorka Tafallek benjamietan; eta Aitor Beorlegik, infantil-kadetetan.
Antolatzaile lanetan ere dozenaka lagun ibili zen; xake klubeko 18 kide eta Orokieta Herri Eskolako 30 guraso eta irakasle, hain zuzen.