Zarauztik Mundura kultura aniztasunaren jaia aurkeztu zuten astelehenean. (Aritz Mutiozabal)
Zarauzko kultura aniztasuna erakusteko eta goraipatzeko asmoarekin jaio zen Zarauztik Mundura jaia, eta larunbat honetan 11. aldiz ospatuko dute, Lege Zaharren enparantza bilgune bihurtuta. «Guretzako kultura aniztasuna gure herriak daukan aberastasunik handienetakoa da», nabarmendu du Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak. Urtero bezala, hainbat herrialdetako folklorea, kultura eta gastronomia ezagutzeko nahiz partekatzeko parada izango da. Aurten, gainera, garrantzi berezia eman nahi diote haur eta gazte etorri berriak herrian integratzen laguntzeko eta denon artean kultura eta jatorri aniztasuna onartzen duen gizartea eraikitzeko egiten ari diren lanari.
Ikasturte honetan Ongi Etorri Eskolara programa jarri du martxan udalak herriko bi eskoletan –Antoniano ikastetxean eta Orokieta Herri Eskolan–, zarauztar etorri berrien harrera hobetzeko eta kulturartekotasuna lantzeko. «Gure helburua da Zarauztik Mundura jaia ikastetxeetan egiten ari den lanaren ispilu izatea», azaldu du zinegotziak.
Ongi Etorri Eskolara proiektuko kide Dorleta Mikeok jakitera eman du beraien egitekoa, eta «gure helburuetako bat da eskolan kulturartekonasunaren inguruan egiten dugun lana herrira ateratzea». Hori horrela, larunbat arratsaldean aurkeztuko dute jendaurrean. Herriko ikastetxeetan proeiktua lantzen ari den Oihane Aisaren esanetan, ikas komunitate osoak hartuko du parte: familiek, ikasleek, irakasleek eta Ongi Etorri Eskolarako kideek. Guztien parte hartzearekin hainbat tailer egingo dituzte: grafia ezberdinak ezagutzekoa, lore koroak egitekoa, Pazkoa arrautzak egitekoa eta henarena. Horrez gain, horma-irudi bat egingo dute esaldi bat idatziz Zarautzen elkarbizi diren hizkuntza ezberdinetan. Arratsaldean, herensuge txinatar batek girotuko du plaza, eta bukaeran txokolatada izango da.