Imanol Agirre: "Saiatzen naiz jendea harrituko duten liburuak irakurtzen"

Gipuzkoako HItza 2018ko apirilaren 27a

Umetatik liburu artean oroitzen du bere burua Imanol Agirrek (Zarautz, 1978). Bera jaio baino bost urte lehenago ireki zuen Garoa liburu denda bere amak. Argitaletxeen munduan aritu zen lanean, baina amak utzi behar izan zuenean, anaiarekin egin zen dendaren kargu. Ordutik, dendara sartzen diren bezeroei ahal bezain ondo aholkatzen ahalegintzen da. Gipuzkoako Hitzan elkarrizketa egin diote.

Imanol Agirre. (ZuZeu) Zuretzat zer da liburu bat? Gozamena. Gozamena eta atsedenaldia. Lanarekin baino gehiago horrekin lotzen dut. Eta Liburuaren Egunak [astelehenean izan zen] zerbait esaten dizu? Zerbait sinbolikoa da Liburuaren Eguna. Baina, beno, batak besteari liburu bat oparitzeko edo liburu bat esku artean hartzeko aitzakia bat bada, ona izango da. Liburuzain batek zenbat liburu izaten ditu batera esku artean? Astean bi edo hiru liburu irakurtzen saiatzen naiz ni. Liburu denda txikietan pisu handia dute gomendioek. Irakurlea edo bezeroa ezagutzen duzun neurrian liburu bat edo beste gomendatzen diozu, eta horretarako irakurri beharra dago. Egun dauden plataforma handien aurrean, hori da liburu denda txikien balioa, gertutasuna, bezeroa ezagutzea eta aholkatzeko gai izatea. Bezero berri bat etorri, hari bi minutuz entzun, eta gero gomendatutako liburuarekin asmatzea... niretzat hori da arrakasta. Aholku bidez erosten dira, beraz, liburuak? Datu bat ematekotan, esango nuke ehunetik hogei izaten direla. Oraingoz [09:45 inguru dira] hiru bezero sartu dira, eta hirurek eskatu dute gomendioa. Euskaraz gutxiago, baina argitalpenen munduan hainbestekoa da gaindosia... Egunean bost bat kaxa sartzen zaizkigu nobedadeekin, eta jende batek bai nahi du aholkua. Beste asko best-seller-en bila edo asteburuko kultur gehigarrietan gomendatutako liburuen bila etortzen dira, eta horiek dira mugitzen direnak. Horregatik da garrantzitsua guk irakurtzea eta galbahe lana egitea. Nik, normalki, ez ditut irakurtzen best-seller horiek, bakarrik saltzen direlako; nahiago dut argitaletxe txiki batek ateratakoa irakurri. Jendea harrituko eta sorpresaz harrapatuko duten liburuak irakurtzen saiatzen naiz. Nolako harremana duzue argitaletxeekin? Argitaletxe txikiek asko zaintzen gaituzte, eta liburua atera baino lehen bidaltzen digute batzuetan, gutun batekin, esanez hori izango dela euren urteko apustua. Nik askotan esaten dut hori dela marketin kanpaina onena. Madrilgo argitaletxe txiki bateko bi neska autoz etortzen dira honaino, eta dendaz denda ibiltzen dira beraien produktuak aurkezten. Nola ez duzu egingo jende horren aldeko apustua? Liburuzainaren erabakiak irakurlea baldintza dezake, beraz. Editore batzuk etortzen dira eta galdetzen dute: "Baina, zer pasatzen da Zarautzen liburu honekin?". Beno, ba izan daiteke, niri asko gustatu eta aholkatu egin dudala; baina, agian beste liburuzain batek ez du irakurri edo ez zaio gustatu, eta herri horretan agian ez da ale bakar bat salduko. Jarraitu elkarrizketa irakurten Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide