EH Bilduko kide Mikel Goenaga eta Ane Arruti , Santa Klara komentua atzean dutela (Aritz Mutiozabal).
"Santa Klarak herriarena izan behar du eta herritarrek erabaki behar dute bertan zer egin, zertarako eta nola kudeatu". EH Bilduk komentuaren inguruko prozesu parte hartzailea bukatutzat jo du, eta ateratako ondoriorik garbiena hori izan dela nabarmendu dute, baita kultura eta aisialdia uztartuko dituen gune bat sortzeko nahia ere. Hori ikusita, eta bileretan ere "kezka" azaldu dietelako, koalizioak uste du herritarrek eta herriko eragileek erabakitzeko ahalmena izan beharko luketela etorkizuneko kulturgune horren kudeaketa eredua definitzeko garaian, eta horretarako beharrezkotzat jotzen du kultur mahai bat eratzea.
EH Bilduk begi onez jaso du Udal Gobernuak Santa Klara erosteko borondatearen berria, baina kezka batzuk ere baditu. Izan ere, "ezin da parte hartze prozesu bat abiarazi erabakiak aurrez hartuta baldin badaude. Gainera, ezin da arkitekto lehiaketa bat abiatu herritarrei aurrez galdetu gabe zertarako nahi dituen eta nola egingo den". Hala, Udal Gobernuari eskatu diote kultur mahaia eratu dezala, eta bertan hartu beharreko erabaki guztiak "adostasun zabal batekin" izan daitezela.
Santa Klara herriarena izateak "sekulako iraultza" suposatuko duela iritzi dio koalizioak, eta "herriak bere sentitu eta arrakasta izan nahi badu, inplikazio zuzena izan behar dute herritarrek eta eragileek". Gaineratu dute elkarlanean jarraituko dutela herritarrekin eta gizarte zein kultura eragileekin nahiz politikoekin, "guztion artean Santa Klaran ilusioa piztuko duen proiektu bat sor dezagun".