Tosta bandako partaideak; Mikel Ugarte atzealdean, eskuan txalapartaren makilak dituela. (Tosta Banda)
2016an hasi zuten Oreka TX-ko txalapartariek «aniztasunaren orkestra» bezala definitzen duten proiektua. Euskal Herrikoaz gain, Irlanda, Eskozia, Frisia, Cornualles, Gales eta Galiziako musikak batzen ditu ikuskizunak. Oro har, bi elementuk batzen dituzte musikari hauek guztiak: Atlantiko itsasoaren kostaldeak eta hizkuntza gutxituak. Alegia, Tosta Bandaren errepertorioa osatuta dago euskal kostaldea bustitzen duen itsaso berberaren ertz ezberdinetako hizkuntza gutxituen musikarekin.
Proiektuaren izenak ere erreferentzia egiten dio itsas munduari, arraunontzietako eserlekuari deitzen baitzaio tosta, baina Zarauzko bizilagun Mikel Ugarte txalapartariak esan duenez, itsasoaren metafora «hausnarketa haundiegirik gabe» erabili zuten proiekturako.
Ugartek azaldu duenez, fusionatu dituzten folklore ezberdinek harreman estua daukate beraien artean, erabiltzen dituzten instrumentuak eta melodiak antzekoak direlako. «Elkartutako guztiak musika zeltiarraren anai-arrebak gara, eta instrumentu batzuk oso ohikoak dira kultura gehienetan, esaterako, biolina edo gaita». Musikariaren esanetan, txalaparta da instrumentu guztietan «ezberdinena», baina «egoki» moldatu da gainontzekoetara. «Musika herrikoi guztien arteko harremana oso naturala da, eta erraza izan da elkarrekin lanean aritzea».