Gasteizko hilketak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 23a

Joan den ostegunean gizonezko batek bere emazte ohia eta haren ama hil zituen Gasteizen. Gertaera hori salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte gaur, astelehena, Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen. Azpeitiko kontzentrazioa Basanderiek gazte asanblada feministak deitu du, eta dozenaka lagunek egin dute bat deialdiarekin. 19:30ean hasita, Erasorik ez erantzunik gabe lelodun pankartaren atzean egin dute elkarretaratzea, plazan. Azkoitian Sostenipe talde feministak deitu du elkarrretaratzea, eta hainbat lagun elkartu da plazan, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean.  Zarautzen dozenaka lagun elkartu dira plazan Sare Feministak deituta, Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista lelopean. Asteburuan ere egin dituzte hilketak salatzeko protestak, hala nola Zumaian hango Mugimendu Feministak eta Azkoitian udalak deituta. 46 urteko gizon batek joan zen ostiralean hil zituen bi emakumeak Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan. Hiltzailea atxilotu egin zuen Ertzaintzak, hark etxebizitzari su eman eta leihotik salto egin ondoren. Zauri arinekin eraman zuten ospitalera gizona, eta gaur behin-behinean espetxera bidali du epaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide