Herriko zarata maila aztertzen ari da udala, egoera ezagutzeko eta horri aurre egiteko bideragarriak eta eraginkorrak izan daitezkeen neurriak hartzeko helburuarekin. Gizartearen antolaketak hainbat zarata sortzen ditu, eta trafikoa, trena, industria eta aisialdia dira zarata iturri nagusiak herri mailan. Udalak eskatuta, horien azterketa egin du AAC SL aholkularitzak eta planoetan irudikatu ditu zarata mailak.
Zarata mapa jendaurrean jarriko dute erakusgai hilabetez, baina, aurretik, hasierako diagnostikoa aurkezteko eta herritarren ekarpenekin osatzeko saioa egingo du udalak. Horretarako bilera irekia egingo du apirilaren 25ean, asteazkenean, 18:30etik 20.00etara, Etxezabalako aretoan (Kale Nagusia, 29). Bileraz gain, galdeketa bat zabalduko du udalak apirilaren 25etik aurrera, nahi duen orok bere iritzia eman dezan. Galdeketa udaleko webgunean eskuratu daiteke (Berriak atalean) eta HAZ Herritarren Harrera Zerbitzuan.