Zortzitik lau eskualdekoak

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko apirilaren 19a

Bi zarauztar eta bi azpeitiar sailkatu dira aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako. Bihar (ostirala) jardungo dira Lasturren ospatuko den finalean kantari. Aurtengoan, bertso afari formatuaren aldeko apustua egin dute; alegia, afalostean, mahaiaren beste aldetik abestu dute bertsolariek kanporaketa guztietan, eta halaxe jardungo dute finalean ere. Kanporaketetan berria ez den arren, finalean estreinakoz erabiliko dute formatu hau. Formatuaz gain, aurtengo finalaren testuingurua ere berezia izango da. Apirilaren 20tik 22ra Lasturren antolatu  duten Gipuzkoako bertso eskoletako gazteen egonaldiaren egitarauaren barruan sartu dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala. Imanol Albizu, Uxue Alkorta, Oihana Labiano eta Aner Peritz dira eskualdetik sailkatutako lau bertsolariak, eta zortzikotea osatuz, haiekin batera jardungo dira Haizea Arana, Maddi Aiestaran, Oihana Arana eta Aitor Tatiegi. Guztira, bost kanporaketa jokatu dituzte finalaren aurretik, eta saio horietako irabazleek eta puntuazioz sailkatutako hiru bertsolariek lortu dute bihar jokatuko den finalerako txartela. (Amaia Urbieta Arruti)

Aner Peritz Manterola (Zarautz): "Galtzeko ezer ez daukagunez, ahal duguna egingo dugu eta kitto"

Etxe-beltz eta Motxian bertso eskoletan jarduna, zarauztarra Ereñotzuko saioa irabazita zuzenean sailkatu zen biharko finalera. Martxoaren 9an kantatu zuen Peritzek Ur-Mia elkartean, eta berekin batera, Oihana Arana, Kepa Galparsoro, Julene Iturbe eta Ekain Tolaretxipi jardun ziren kantuan. Peritz nagusitu zen bertan, eta saioa "ondo" jardun izanaren sentsazioarekin amaitu bazuen ere, ez zuen espero lehen postua eskuratzerik. "Nirekin batera kantatu zutenak entzunda, ez nuen uste zuzenean sailkatuko nintzenik". Txapelketan kantatzen duen bigarren urtea du, eta datozen bi urteetan ere kantatzeko aukera izango du. Finalaren aurreko egun hauek "bertso munduan oso murgilduta" bizitzen ari da, baina oraindik "zorionez, oso lasai" dagoela adierazi du zarauztarrak. Biharko finalerako aukerei buruz galdetuta, ezer ez duela espero esan du, inongo espektatibarik ez duela. "Ez dut esango txapeldun nor gelditu daitekeen, badaezpada isiltzea hobe". Hala ere, bere buruari mugarik ez diola jarriko adierazi du. "Galtzeko ezer ez daukagu, ohore handirik ez zaigu geratzen, beraz, ahal duguna egingo dugu eta kitto". Orain arte jokatutako finaletan "ume asko" egoten zirela azaldu du, eta hori sahiesteko asmoz, finala Lasturren, afari formatuan izatea, egokia iruditzen zaiola esan du Peritzek. "Aurreko urtean, esaterako, bertsokide batzuei masturbazioaren inguruko gai bat jarri zieten, eta umeen erreakzioak ez zien asko lagundu kantatzen ari zirenei". Hala ere, bere zalantzak ditu esperimentuari buruz, Lasturreko gazteentzako egonaldiaren egitarauaren barruan kokatze hori apur bat "behartua" iruditu baitzaio. (Amaia Urbieta Arruti)

Oihana Labiano (Azpeitia): "Azken aukera hau final txukun batekin borobildu nahiko nuke"

Oihana Labiano azpeitiarrak Zestoako saioan kantatu zuen  otsailaren 16an. Imanol Albizu herkideak irabazi zuen saioa, beraz, Labianok azken kanporaketa jokatu arte ez zuen jakin finalerako sailkatu zen edo ez. Bi azpeitiar horiekin batera, Malen Elizasu, Maider Garmendia, Iker Ormazabal eta Bittor Zubiagirre izan ziren kantuan Zestoako Lau Iturri elkartean. Azpeitiarrak esan du "uste baino hobeto" jardun zuela saioan, baina ez zuela finalera pasatzeko adinako puntuaziorik lortuko zuenik espero, aukerak bazituela bazekien arren. "Sorpresa handia izan zen, ez zen nire espektatiben barruan sartzen finalerako sailkatzea". Saioa "irregularra" izan zela azaldu du, kantatu zuten bertsolarien esperientzia mailak oso desberdinak zirela azpimarratuz. "Ezberdintasuna momentu batzuetan antzeman zen, baina momentu onak ere utzi zituen kanporaketa izan zen". "Nahiko lasai" dagoela adierazi du Labianok, azkenaldian oso lanpetuta ibili dela eta finalean asko pentsatzeko denborarik ez du izan, ezta prestatzeko ere. Orain, data hurbildu ahala, "gero eta urduriago" dagoela adierazi du, eta Aste Santuko oporretan lasai ibili bada ere, egunotan bertso eskolara "ohi baino buelta gehiago" egiten ari dela esan du. Finalera "gozatzera" doa Labiano. "Ez daukat txapela lortzeko inongo esperantzarik, eta saio txukun bat irteten bazait, gustura egongo naiz. Azken urtea horrela borobiltzea eta final txukun bat egitea sari handi bat izango litzateke". Iaz hartu zuen parte lehenengo aldiz eskolarteko txapelketan, eta aurten, hemezortzi urte dituenez, eskolartekoan kantatzeko azken aukera izango du. (Amaia Urbieta Arruti)

Uxue Alkorta (Zarautz): "Kanporaketan kantatu ostean, bidea amaituko nuela espero nuen"

Uxue Alkorta ere Zarauzko Etxe-beltz eta Motxian bertso eskoletako kidea da. Aurten hartu du parte lehenengo aldiz Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta estreinako urtean, finalerako zuzeneko txartela lortu du zarauztarrak. Orioko saioa irabazi zuen Alkortak, eta harekin batera, Josu Ibarguren, Igauri Lopetegi, Itziar Mendia eta Aimar Sorazu jardun ziren kantari Aldapa Elkartean. Zarauztarrak ez zuen finalerako txartela eskuratzerik espero. "Nire saio berean Zarauzko bertso eskolako beste kide batek ere kantatu zuen, eta normalean antzeko mailan jarduten dugu, baita Orioko saioan ere, eta nire erreferentzia hori zenez, ez nuen uste berak baino puntu gehiago lortuko nituenik". Orain arte egunerokoan finala ez du oso presente eduki, baina jendeak gaia aipatzen dionean "tentsio apur bat" antzematen duela azaldu du. Gainera, sailkapena ere sorpresaz etorri zaio, alegia, bere kanporaketan kantatu ostean bidea amaituko zitzaiola uste bazuen ere, orain prestaketak, entrenamenduak eta urduritasunak luzatu zaizkio. Peritz eta Alkorta astean hirutan elkartzen dira, batzuetan Motxian bertso-eskolako kideekin kantatzen dute, eta gainontzeko egunetan, buruz buru jarduten dute. Finalera begira, saio txukuna eginez gero "gustura" geldituko dela azaldu du Alkortak. Bertso afariaren formatuari dagokionez, "arraroa" iruditzen zaiola esan du, baina orain arte erabili den areto formatuarekin alderatuta, agian, giro lasaiagoan aritzen lagunduko diela uste du. "Lagunarteko giro bat sortzea da helburua, nahiz eta egonaldira ez doazenek ere izango duten saioa entzutera joateko aukera". (Amaia Urbieta Arruti)

Imanol Albizu: "Hanka sartu gabe jarduteagatik lortu nuen lehen postua"

Zestoako kaporaketa saioa irabazi zuen azpeitiarrak. Oihana Labianorekin batera kantatu zuen, baina Labianok ez bezala, Albizuk saioa bukatutakoan jakin zuen finalista izango zela, lehen postua lortuta, zuzenean sailkatu baitzen. Kanporaketan «ondo» jardun zuela azaldu du Albizuk. "Hankarik sartu gabe jardun nuen, eta uste dut horregatik lortu nuela lehen postua, baina, egia esan, momentuan ez nuen irabaziko nuenik espero".  Saio "txukuna" egin zuela adierazi du bertsolari gazteak, baina irabazle izan zela entzun zuenean asko harritu zen. Labianok bezala, Zestoako Lau Iturri elkartean kantatu zuen Azpeitiko bertsolariak. "Finaleko eguna hurbiltzen doan heinean, urduritasuna ere hazten joaten da, baina oraingoz ez diot garrantzia handiegirik ematen". Aipatu duenez, momentua iritsi arte ez da kezkatzen, oholtzara igotzean soilik sortzen zaio tentsioa. Egunotan, gainontzeko finalistak bezala, prestaketa lanetan dabil Albizu, eta askotan etxean jarduten da bertsotan, bere kasa. Horrez gain, Erniarraitz bertso eskolan elkartzen da gainontzeko bertsokideekin astelehenero. Aste Santuko oporretan entrenatzeko asti askorik izan ez badu ere, azken egunetan prestaketa lanetan murgilduta dabil bertsolari gaztea. "Txapelketako beste kanporaketa batzuk entzutera ere joan nintzen, eta badakit zein diren finalean nirekin kantatuko dutenak, baina ez dut ezer aurreikusi nahi, dena ikusteko dago eta". Lortuko duela uste ez badu ere, irabazten saiatuko dela adierazi du bertsolari azpeitiarrak, eta txapela urrunegi gelditzen bazaio, "saio txukun bat" egitearekin konformatuko dela esan du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide