Zarauzko Turismo Bulegoak Aste Santuko oporren balorazio "oso positiboa" egin du

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 11

Garagardo Azokak, Itzuliak eta Pro Zarautz surf txapelketak bisitari ugari erakarri ditu Zarautzera. Ostatuen okupazioa ia %100ekoa izan da Aste Santuan.

Turismo Bulegotik Aste Santuaren balorazio "oso positiboa" egin dute, izan ere, oporraldiko bi asteak kontuan izanik, bisiten kopurua %15 jaitsi bada ere, "Aste Santua oso goiz ospatu izanari" egotzi diote jaitsiera Turismo Bulegokoek. Bisitari asko EAEtik eta Espainiako toki ezberdinetatik etorri dira, batez ere Madrildik eta Gaztela-Mantxatik. Era berean, frantziarrak, kataluniarrak, estatubatuarrak eta Erresuma Batuko bisitariak ere izan ditu Zarautzek. Ostatuetako okupazioari dagokionez, Aste Santuko lehen egunetan beteta egon ziren. Igandetik aurrera apur bat jaitsi zen arren, Pro Zarautz surf txapelketa ospatu bitartean, okupazioa%90 ingurukoa izan da. Ostatu guztien artean, igoera nabarmenena nekazal turismoek izan dutela azpimarratu du udalak. Garagardo Azokaz, Itzuliaz eta surf txapelketaz gain, herriaren erakargai nagusiak "oinez egin daitezkeen ibilbideak eta gastronomia" izan dira, turismo bulegoko langileek informazio asko banatu baitute herriko txangoen eta jatetxeen inguruan.

Programazio erakargarria.

Aste Santua Errugbi Taldeak antolatutako Garagardo Azokarekin jarri zen martxan, eta adierazi dutenez, "beste behin, ez zuen hutsik egin". Ixidor Larrañaga turismo zinegotziak aipatu duenez, Itzulia "izugarria" izan da. Azaldu duenez, jai egunak zirela eta irekitako parkinak beteak egon ziren, eta ostalaritzako arduradun askok beren poza helarazi diete udal gobernukoei, apirilaren 2an Itzuliko lehen etapa zela eta, Zarautz jendez gainezka egon zelako. "Asko izan ziren haurrekin Zarautzen haurrekin eguna pasatzera gerturatu ziren familiak. Gure herrira erakarri nahi dugun profila da hau eta horregatik ere Itzuliak arrakasta handia izan duela uste dugu, gure estrategiarekin bat egin duelako". Surfari dagokionez, Pro Zarautz txapelketan, ostegun eta ostiralean jende asko gerturatu zen hondartzara txapelketaz gozatzera. Igandean eguraldiak ez zuen lagundu, baina hala ere, jendea gerturatu zen finalak ikustera eta irabazleak txalotzera. Gainera, ostiral Santuan udalak omenaldia egin zien Pukaseko Letamendia-Azpiroz familiakoei, munduko txapelketaren lehen ospakizunaren 30. urteurrena zela eta. Aukera aprobetxatuz, 9000 bisita inguru jaso zituen garaiko argazki erakusketa bat aurkeztu zuen Pukasek. Hau guztia dela eta, Turismo Bulegotik Aste Santuaren balorazio "oso positiboa" egin dute. "Oso pozik gaude izandako bisita kopuruarekin eta, gainera, uda partean Zarautzera itzultzeko informazioa eskatu duten pertsonak asko izan dira", gaineratu du Larrañagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide