Zarautzera eta Azpeitira ere iritsiko da Askekintzak egindako 'Gurean' dokumentala

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 4a

Askekintzako kideek azaldu dutenez, apirilean dira dokumentala ematekoak Zarautzen nahiz Azpeitian, baina ez dute data zehatzik jakinarazi. Ikus-entzunezkoaren egileen hitzetan, "Euskal Herriko hainbat festetan egiten den animalien erabilera erakusten du dokumentalak". Lau urtez ezkutuan grabatutako irudiek osatzen dute 'Gurean', eta horien artean daude Azpeitiko zezenketetan hartutako irudi batzuk.

'Gurean' dokumentala iragartzeko irudia. (Askekintza) Joan zen martxoaren 23an aurkeztu zuen Askekintzak Gurean dokumentala. Animalien askapena helburu duen Gipuzkoako kolektiboa da Askekintza. Orain, Gureanen emanaldi birarekin hasi dira. Euskal Herriko hainbat txokotara iritsi nahi dute, eta Zarautzen zein Azpeitian ere egingo dituzte geldialdiak. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, apirilean emango dute dokumentala bi herri horietan, baina oraindik ez dute data zehatzik. Euskal Herriko 30 herritako jaietan hartutako irudiak jaso ditu Askekintzak Gurean dokumentalean. Hain zuzen, lau urtez ezkutuan grabatutako irudiekin osatu dute ikus-entzunezkoa, eta tartean daude Azpeitiko zezenketetan egindako grabazioak. Besteak beste, Hernanin, Lezon, Saran, Astigarragan, Gasteizen, Bilbon, Altzan, Zumarragan eta Donostian grabatutako irudiek osatzen dute Gurean. Kolektiboak azaldu duenez, animaliei festetan ematen zaien erabilera erakutsi eta "hausnarketa sustatu" nahi dute dokumentalarekin: "Animaliek festetan pairatzen duten zapalkuntza agerian uztea nahi dugu. Horregatik, dokumental honen helburua da herrietako tradizio horiek zalantzan jartzea eta Euskal Herrian gogoeta zein eztabaida bat mahai gainean jartzea". Dokumentalaren trailerra, hemen: https://youtu.be/VD0QJ6NP5-o

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide