Anton Saez World Surf Leagueko arduradunak eskerrak eman dizkie Zarauzko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari txapelketa posible egiteagatik, baita hainbat enpresa pribaturi eta Guizkoako Surf Federazioari ere. Aurten 30 urte betetzen dira Zarautzen lehen aldiz surf txapelketa antolatu zutenetik, eta horrek, zirkuitu europarreko frogarik "tradizionalenetarikoa" bihurtzen du Zarauzkoa. A. Saezek aipatu duenez, azpimarragarriak da Zarauzko surf txapelketan bertakoek izaten duten inbolukrazioa, "Espainiako surf eskola nagusia" baita bertakoa.
Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du herriarentzat zeinen garrantzitsua den World Surf Leagueko froga honen egoitza izatea, "honek, Zarautz Euskal Herrian zein Europa hegoaldean surfaren erreferente bihurtzen baitu". Bertako harrobiaz ere hitz egin du: "hainbat txapeldun ditugu herrian, hazia erein da eta orain internazionalki lehiatzen dira zarauzko hainbat surflari". Amaitzeko, pazko astean herriak izan duen egitarauari eginez, gogoratu du "Zarautz titularretan egongo dela eta albiste izaten jarraituko duela, bizikletatik jaitsiko baikara tauletara igotzeko".
Oier Illarramendi Gipuzkoako Surf Federazioko zuzendari teknikoak adierazi duenez, aurreikuspen metereologiko egokiak daude iragarrita datozen egunetarako. "Asteazken arratsaldean kontua apur bat konplikatu daiteke, baina, orokorrean, itsasaldi egokia espero dugu eta bi metro inguruko olatuak izatea espero dugu". Surflariei dagokienez, Zarautz Pro txapelketa data "pribilejiatuetan" jokatzen dela azaldu du, ez baita froga garrantzitsuagoekin batera jokatzen. Guztira, 21 nazio ezberdinetako 137 surflarik hartuko dute parte txapelketan. Haietako %79 europarrak izango dira, eta guztira, 28 euskaldun izango dira lehian, haietako 9, zarauztarrak. Datu horiek ikusita, "Zarauzko eskolak funtzionatzen duela eta harrobia indartsu datorrela" baieztatu du Illarramendik.
Nadia Erostarbe eta Indar Unanue surflari zarauztarrak frogan parte hartzeko gogotsu agertu ziren, "aurreikusita dauden olatu on horiek hartzeko irrikan" dagoela esan zuen Erostarbek, eta "etxean lehiatzea berezia dela eta bertako surflariak txukun aritzea espero duela" aipatu zuen Unanuek.