Osteguneko Zarauzko osoko bilkura (Zarauzko Udala)
Zarauzko Udalak 2017ko aurrekontuaren likidazioa onartu zuen osteguneko osoko bilkuran, eta 4.146.654,09 euroko superabitarekin itxi du urtea. Egonkortasun eta finantza iraunkortasun aldetik "helburu guztiak bete" dituela azaldu zuen Jesus Arana Ogasun zinegotziak, eta "hortaz, indarrean genuen Plan Ekonomiko Finantziarioa amaitutzat ematen da". 40.659.000 eurokoa izan zen 2017ko aurrekontua, eta %86a gauzatu da, "gauzatze prontzentaje handia".
Sarreraren kapituluan, aurreikusitakoaren gainetik itxi dute urtea. Aurreikusitakoa baino %4,6 gehiago jaso du udalak zerga eta tasetan, eta ezohiko diru sarrera bat ere izan du: 1.150.000 euro jaso ditu, Mandabide 3an saldutako lokal bategatik. Salmentarekin lortutako dirua ondarea erosteko erabiliko dutela jakitera eman zuen Aranak: Maza lokala erosi dute, Turismo Bulego berria bertan jartzeko, eta "Mandabideko lokala salduz lortutako dirua ongi etorri zaigu erosketa hori ordaintzeko”.
Bestalde, gastu orokorretarako diruzaintza gerakina 8.278.589 eurokoa da. "Hori horrela izanik, 2017ko likidazioaren balorazioa oso positiboa da; diru sarrerak mantendu eta aurreikusitakoa hein handi batean bete dugulako".