Elkanoko igoera "zirraragarria" hartuko du Itzuliko lehen etapak

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 22a

Apirilaren 2an abiatuko dute euskal txirrindulari itzulia Zarautz-Zarautz etaparekin, malekoitik hasi eta Villa Mundan bukatuta. Apirilaren 6ko etapan, Elosua, Endoia eta Loiolatik igaroko da.

Itzuliako aurkezpen ekitaldia egin dute gaur eguerdian, malekoian (Aritz Mutiozabal). Deitura eta logo berriarekin aurkeztu dute gaur eguerdian 58. euskal txirrindularitza itzulia, Zarauzko malekoian atondutako karpan. Hain justu ere, malekoitik abiatuta hasiko da Itzulia Basque Country, apirilaren 2an. Sei etapa jokatuko dituzte, eta lehena Zarautzen hasi eta bukatuko da: 13:17an abiatuko dira txirrindulariak eta Villa Mundan helmugaratuko, 17:18-17:42 artean. 162,1 kilomentroko ibilbidea osatuko dute, eta bi esprint nahiz bost mendate gainditu beharko dituzte.  Etaparen lehen zatian Jazkibel eta Maddiola igo ondoren, eskualdeko kostaldean sartuko dira bete-betean: Orio, Getaria, Garate gaina, Zumaia, Aia eta Elkano auzotik igaroko dira, hurrenez hurren. Zarautzen helmugaratu aurretik, gainera, malda labur baina gogor bati egin be­­harko diote aurre: %11,09ko aldapa duen Sekaderotik Elkanorako bidea, alegia. Itzuliako presidente Julian Erasok eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak aipatu mendatea nabarmendu dute agerraldian. Erasoren hitzetan, «lehen etapako nobedade handiena izango da, lehen aldiz igoko baita txirrindularitza profesionalean. Horrek emango dio lehen liderra Itzuliari, eta lider hori indartsua izango dela pentsatzen dugu». Txurrukak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Itzulia Zarauztik abiatzea, protagonismo berezia hartuko duelako herriak: «Aukera paregabea da bisitariek eta txirrinduzaleek Zarautz hondartza baino dezente gehiago dela ezagutu dezaten.  Ikusgarria da Zarautz inguruan antolatu den etapa amaiera, bertako paraje berdeetatik eta Elkanoko igoera zirraragarriarekin». Itzuliko bigarren etapa ere Zarauzko malekoitik abiatuko da, apirilaren 3an, 13:29an, eta Zumaiatik  igarota, Bizkaia aldera joko du tropelak, Bermeon bukatuz. Azkenaurreko etapak, bosgarrenak, Gasteiz eta Eibar lotuko ditu, eta ibilbidean Urola Kostako barrualdea zeharkatuko du: Bergaratik etorrita, Elosuko eta Endoiako mendateak igoko dituzte txrrindulariek, eta bien artean esprinta izango dute jokoan Loiolan.

22 txirrindulari talde

Sei egunetako lehiaren ondoren, Eibar-Arrate etaparekin bukatuko da aurtengo lehiaketa, apirilaren 7an. Guztira, 22 taldek hartuko dute parte: World Team mailako hemezortzik eta Profesional Continentala mailako lau talde gonbidatuk; hau da, Cofidis Solution Credits, Caja Rural Seguros RGA, Euskadi Basque Country Murias eta Burgos BH taldeek. Txirrindularien artean ere izen garrantzitsuak ariko dira nor baino nor: Mikel Landa, Nairo Quintana, Vincenzo Nibali, Egan Bernal, Michael Matthews, Rigoberto Uran, Bauke Mollema eta Richie Porte, batzuk aipatze aldera.
ITZULIA UROLA KOSTATIK Apirilak 2, astelehena. Zarautz-Zarautz (1. etapa) 13:18. Irteera Zarauzko malekoitik, Orio aldera N-634tik. 15:37-15:51. Orion esprinta; Zarautz zeharkatu eta Getariara. 15:56-16:12. Garate gaina, Meaga auzorantz. %7,73ko aldapa. 16:09-16:27. Zumaian esprinta. Kostaldetik Getaria, Zarautz eta Andatzako igoera. 16:46-17:07. Aiako gaina. %5,51ko aldapa 17:08-17:32. Elkano gaina. %11,09 aldapa. Handik Meaga auzora. 17:18-17:42. Helmuga Zarautzen, Villa Munda parean. Apirilak 3, Asteartea. Zarautz-Bermeo (2. etapa) 13:41. Irteera Zarauzko malekoitik, Zumaia aldera N-634tik. Apirilak 6, ostirala. Gasteiz-Eibar (5. etapa) 15:52-16:08. Elosua gaina. %7,9ko aldapa. Handik Azkoitira hartuko dute txirrindulariek. 16:11-16:29. Loiolan esprinta. Jarraian, Lasao aldera. 16:26-16:46. Zestoa. 16:36-16:57. Endoia gaina. %6,99ko aldapa

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide