https://www.youtube.com/watch?v=yazeGnbNWHk
Gaur, Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako ikastetxe eta udal guztiok bat egin dute emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzeko. Zarautzen Musika Plazan elkartu dira, eta Xabier Txurruka alkateak eta Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezen harreraren ondoren,
kalejira egin dute Alde Zaharrean. Ekitaldia
manifestu bat irakurriz eta
hiru bertso abestuz biribildu dute.
Emakumeek kate batekin irudikatu dute plantoa (Zarauzko Mugimendu Feminista).
Zarauzko Mugimendu Feministako kideak ere goizetik hasi dira elkartzen Lege Zaharren enparantzan,
Martxoaren 8ko gunea prestatzeko, eta eguerdian kate jendetsua osatu dute.
Edurne Epelde mugimendu feministako kidea gustura agertu da herritarrek egunari emandako erantzunarekin. "Egoera antzekoan dauden emakumeak autonomoki antolatu dira, eta ohikoak ez diren iniziatiba mordoa ikusten ari gara. Izan ere, askok bere sentitu dute egun honetako aldarrikapena, eta jendeak aprobetxatu egin du aukera hau mobilizatzeko eta aldarrikatzeko". Epeldek azaldu du gaurkoa ez dela ohiko greba egun bat, eta helburua ez dela izan dendak eta tabernak ixtea. "Hain zuzen, zerbitzuen sektorean emakume askok egiten dute lan modu prekarioan, eta ez ditugu derrigortu nahi greba egitera".
Prekarietate hori agerian uzteko, ordea, kafe tertulia bat egingo dute 16:00etan, "bereziki greba egiterik izango ez dutenei buruz, zaintzaileei buruz".
Mugimendu feministak eskaini duena izan da "gune egonkor bat", emakumeak biltzeko. "Ederra izan da ikustea goizetik bertan elkartzen 60 urtetik gorako emakumeak, eta eguerdian egin dugun giza katea oso jendetsua izan da, batez ere emakume asko etorri da".
Arratsaldean jarraitu dute jarduerekin,
zaintzari buruzko mahai ingurua eginez, eta 19:30ean hasita manifestazioa egingo dute batukadarekin.
EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautz, Martxoaren 8ko adierazpenean (Aritz Mutiozabal).
Bestalde, Martxoaren 8aren harira,
EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautzeko udal taldeek testu bateratua adostu dute, eta gaur goizean irakurri udalbatzar aretoan. EH Bilduk ez du hartu parte saioan,
"testuak ez duelako konpromiso zehatzik hartzen".