Murua, Lertxundi eta Olariaga omendu ditu Talai Berrik, Zarautzen

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko mar. 3a, 15:48

Talai Berri txakolindegiak bere 25. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin du gaur eguerdian, upategian bertan, eta hiru sortzaileei beraien lankidetza eskertu die.

Omenduak Eizagirre familiarekin, urteurreneko ekitaldian (Aritz Mutiozabal). Txakolindegiak mende laurdena bete du, eta hainbat ekitaldi antolatzen ari da horren harira. Joan den astean I. Mahasti Krosa lasterketa jokatu bazuten, gaurkoan urteurreneko ospakizun nagusia egin du. Talai Berriko Onditz eta Itziar Eizagirre ahizpek gidatu dute ekitaldia, eta upategiaren orain arteko ibilia azaldu dute, egoerarako prestatutako ikus-entzuneko batekin lagunduta. Ondoren, hasiera-hasieratik lagun izan dituzten hiru sortzaileren lana eskertu nahi izan dute: Tomas Murua eskultorea, Antton Olariaga ilustratzailea eta Anjel Lertxundi idazlea. Hirurek oroigarri bana jaso zuten Eizagirre familiaren eskutik; Muruaren kasuan, haren alargunari eman diote saria. Omenaldi xumearen ondoren, hamaiketakoa eta etxeko txakolina dastatzeko parada izan dute bertaratu direnek. Guztira, 80 lagun inguru bildu dira txakolindegian. Bien bitartean, Mattin marrazkilaria zuzenean aritu da marrazkiak egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide