Marcellus Roberts: "Taldekideak ahalik eta erosoen senti nadin ahalegintzen dira"

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko martxoaren 1a

Tennesseeko jokalaria urtarrilean hasi zen Zarauzko taldearekin jokatzen pibot postuan. NCAA ligako bigarren mailan aritu da orain arte, Georgia estatuko Young Harris taldean.

  (Amaia Urbieta Arruti/Hitza) 22 urterekin heldu da Marcellus Roberts (Tennessee, AEB, 1995) Euskal Herrira, Zarauzko Ulacia Grupo saskibaloi taldearen «barne jokoa hobetzera». 2,03 metro neurtzen ditu, eta pibot postuan jokatzen du. Diotenez, AEBetakoa da munduan kalitate handiena daukan saskibaloia. Arraroa egin daiteke hango jokalari bat bertako talde batera etortzea. Nolatan zaude zu hemen? Zerk ekarri zaitu hona? Nire haurtzaroko ametsa betetzeko aukera izan nezakeelako soilik joan nintzen Tennesseetik Georgiara ikastera eta bertako Young Harris taldearekin jokatzera [NCAA ligako bigarren mailako taldea]. Saskibaloi jokalari profesionala izan nahi izan dut betidanik. Iaz, orduko entrenatzailearekin nire etorkizunaz hausnartu ondoren, Las Vegasera joatea erabaki nuen joan den udan. Nire izena ezagutu zezaten soilik joan nintzen; izan ere, Nevadako hirian mugimendu handia izaten da urteko sasoi horretan. Nik nire lana egin nuen bertan, eta jainkoak egin zuen gainontzekoa. Horrela iritsi naiz Zarautzera. Zer zenekien Euskal Herriari buruz hona etorri aurretik? Ez nekien Euskal Herria existitzen zenik ere. Iritsi eta taldeko jendeak gaztelaniaz ez zuela hitz egiten ohartu nintzenean, harrituta gelditu nintzen. Ez nekien hizkuntza ezberdinak hitz egiten zirenik. Nik uste nuen jendeak gaztelaniaz eta portugesez egingo zuela. AEBetan eta Europan saskibaloiko arauak ezberdinak dira. Zaila al da hemengo arauetara ohitzea? Arauak aldatzen dira, baina horrek suposatu didan zailtasuna uste nuena baino txikiagoa izan da. Gehien aldatzen dena jokatzeko modua da. AEBetan gaitasun fisikoak garrantzia handiagoa du, abiadurak, indarrak... Hemen jokoaren estrategia eta teknika gehiago lantzen dira. Zer moduz egokitu zara? Gogorrena izan da denboraldiaren erdian hona etortzea. Zailagoa da taldean sartzea, beraiek erritmoa  hartua daukatelako. Heldu nintzenean fisikoki nire onenean ez banengoen ere, ez zait zaila egin besteen mailara iristea zentzu horretan. Taldekide gehienek ez dakite ingelesez edo behintzat ez dute erraztasunik, eta nik ez dakit euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Horretaz jabetu nintzenean beldurtu egin banintzen ere, une oro nire hemengo egoera errazten ahalegindu dira taldekideak. Ongi etorria izan naizela sentitzen dut, beraiek lortu dute ni hala sentitzea. Are gehiago, duela astebete hemen horren ohikoak diren taldeko afari bat egin genuen, eta oso ondo pasatu nuen. Zer espero zenuen topatzea? Ez neukan inongo aurreikuspenik. Banekien niretzat arrotza zen leku batera nentorrela, eta, egia esan, hona heltzea hasieran aldaketa handia izan zen. Lehen astea gogorra izan zen, baina taldekideak arduratu ziren zereginak izan nitzan, bakarrik senti ez nedin. Sailkapenari begiratuta, badirudi Ulacia Grupo ez dagoela bere momenturik onenean. No­la ikusten duzu etorkizuna? Uste dut hobetzen ari garela. Nire ikuspegitik, oraindik nigandik ikasten ari dira eta ni beraiengandik. Ez daramat denbora asko hemen, baina jokatu ditudan partidetan emaitzak oso onak izan ez diren arren, denak irabazteko aukera izan dugunaren sentipena daukat. Konfiantza daukat taldearengan, beraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide