Preso baten seme-alaba izatea zer den kontatuko du gazte batek Putzuzulon

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2018ko otsailaren 22a

Hitzaldia astearte arratsaldean izango da Zarautzen, eta horren aurretik 'Motxilaren umea' dokumentala ikusiko dute. Bestetik, larunbatean 'Ekaitz 0 km' dinamikarekin jarraituko dute Musika plazan

'Motxilaren umea' dokumentaleko irudi bat Aita edo ama preso duten umeengan jarri du fokoa Motxilaren umea dokumentalak, eta datorren astean Zarautzen ikusteko aukera egongo da. Zehazki esateko, asteartean 19:00etan emango dute Putzuzulo gaztetxean. Solasaldia ere antolatu du Sare euskal presoen aldeko elkarteak dokumentalaren osterako. Eguzki Azkarate (Tolosa, 2001) gonbidatu dute, eta horrek bere azaletik kontatuko du zer den gurasoak preso edukitzea. "Espetxe politika honek eragiten duen egoera gordinetako bat da motxiladun haurrena, eta egoera horren eta beste hainbaten inguruan jarduteko aukera izango dugu", azaldu du Sarek. Ekaitz 0 km Bestalde, elkarteak jakinarazi du jarraitzen duela Ekaitz 0 km dinamikarekin. Larunbat honetan, esaterako, goizetik eguerdira Musika plazan izango dira, nahi duten herritarrek argazki bat atera dezaten. Asmoa zera da, lortzea Zarautz eta Tarascon (Okzitania) arteko 672 kilometro adina argazki.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide