Makalak eta Denis B. perkusionistak zenbait urte daramatzate kolaboratzen zuzenekoetan. Orain, diskoa argitaratuko dute. (Utzitakoa)
Esku bete lan hasi du urtea Mikel Unzurrunzaga
Makala DJak. Batetik,
Global Funk Soundsystem proiektuarekin emanaldiak eskaintzen ari da han-hemenka, eta bestetik, izen bereko diskoa prestatzen ari da. Bietan, Denis B. perkusionista du bidelagun. Kubatarra da, eta horregatik, sortu duten musikan kutsu latinoamerikarra nabarmena dela azaldu du disko jartzaile zarauztarrak. «Izenak berak dioen moduan, munduko musika ari gara egiten egungo ukitua emanda. Son kubatarra, cumbia kolonbiarra ere badu kanturen batek, Brasilgo doinuak ere bai...».
Diskoa urte amaierarako egongo da prest, eta kolaborazio bat baino gehiago agertuko dira bertan. Esaterako, Fedzillaa abeslari txiletarrak kantu batean parte hartuko du, eta beste zenbait musikari kubatar eta brasildarri ere eskatuko diete kolaborazioa. Bestalde, hainbat hizkuntzatan abestuko dute diskoan, tartean euskaraz.
Estudioko lan berriko zereginak banatuta dituzte dagoeneko. Hala azaldu du Makalak: «Erdibana ari gara lanean, Denisek oso ondo menperatzen ditu Latinoamerikako eta Afrikako erritmoak, eta nik ere disko asko dauzkat eginda, eta ekoizpen lanak ondo ezagutzen ditut». Hiruzpalau urte daramatzate elkarrekin kolaboratzen, eta orain «disko hau grabatzeko unea etorri da».
Aurrerapen moduan, laupabost abestirekin kaleratuko dute EP bat, eta diskoak berak hamar kantu inguru izango ditu.
Apirilaren 1ean Bilbon
Bien bitartean, zuzeneko emanaldiak eskaintzen ari da bikotea. Esaterako, gaurtik igandera Katalunian ariko dira musika jartzen. Apiril hasieran, berriz, Belgikan ibiliko dira. Bruselan izango dira hilaren 7an, eta emanaldi gehiago edukitzea espero dute beste hiriren batean. Herbereetan ere ibiltzea espero dute maiatza edo ekaina aldera.
Hain zuzen, proiektu honekin aurreneko aldiz atera dira Euskal Herritik kanpora. Aurrez, jo izan dute hainbat herritako jaietan; Donostian ere sarritan aritu dira, tartean Olatu Talkan eta San Telmo museoan; eta Bilbon, besteak beste.
Hurrengo hitzordua, etxean, Aste Santuan izango dute: Bilboko Basque Fest jaialdian joko dute, apirilaren 1ean.
Emanaldiekin gustura dabil zarauztarra. «Saiatu gara proiektu honi ukitu berezia ematen, ez dadin izan ohiko saioa. DJ saio bat da, bai, baina perkusionista bat sartuta, kasu honetan, kontzertu itxura hartzen du eta noski, horrek harrera ona du jendearengan, oso ondo uztartzen direlako bi euskarriak».
Hamar urteko bide oparoa
2008an hasi zuen bidea Global Funk kolektiboak. «Jaio zen asmo batekin, hau da, Euskal Herriko hiriburuetan edukitzea halako bazkide bat, eta lortu dugu hori». Disko jartzaileen kultura bultzatu nahi zuten Euskal Herrian, eta horretarako askotariko ekitaldiak egin dituzte urteotan.
Esaterako, azpimarratzekoa da Donostiako Jazzaldiarekin duten kolaborazioa. «Ia hamar urte daramatzagu Jazzaldiaren barruan gure musika eskaintzen Nauticool agertokian». DJen espazioa da hori, eta Global Funkek kudeatzen du.
Kolektiboak hainbat festa ere antolatu izan du, bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpo. «Orain berriz ari gara birak prestatzen, baina iraganean ere aritu ginen Erresuma Batuan, Polonian, Alemanian eta abar», azaldu du musikari zarauztarrak. Horrez gain, beren estilo bertsuko DJak ekartzen dituzte Euskal Herrira, asteburuko bira txikiak egiteko. Adibidez, martxoaren 8tik 10era Belgikako lagun bat etorriko zaie, eta musika jarriko du ostegunean Bilbon, ostiralean Iruñean eta larunbatean Donostian (azken hau Egiako Le Bukowski tabernan). Halakoetan, sarritan Makalak berak jartzen du musika gonbidatuaren aurretik. Hamar urtean 50 disko jartzaile inguru ekarri ditu kolektiboak, batzuk nazioartetik, baina euskaldunek ere tokia izan dutela azaldu du zarauztarrak.
Herritarrei dagokienez, Makalak uste du azken urteetan harrera hobea dutela DJ saioek. «Bi hamarkada daramatzat honetan, eta hasieran arraroa suertatzen zitzaion jendeari. Zorionez, aldatu egin da azken urteetan, eta gero eta disko jartzaile gehiago dago».