Judith Gago argazkilaria, bere irudietako batekin (Aritz Mutiozabal).
Hitz joko gisa planteatu du Judith Gago argazkilari zarauztarrak Lukas ardotegian (Ipar kalea, 3) paratu duen erakusketaren izenburua. Habit-Arte. Garuna, gorputza eta espazioa du izena argazki bildumak, eta «errepresentatu nahi du nola habitatu zure gorputza eta zure burua». Proposamena bi zatitan dago banatuta: alde batetik, gorputz espresioari erreparatu dio, eta bestetik, berriz, buruari edo pentsamenduari.
Ardotegiaren barrenean daudenak zirku giroko argazki koloretsuak dira, Mutxion ateratakoak, eta sail horrek egingo lioke erreferentzia erakusketaren garunari. «Zeure burua okupatzea bezala da. Izan ere, sistemak emankorra izan zaitezen nahi du edo egiten duzun guztiak arrazoi bat izan dezan, eta honek gehiago islatzen du aisia. Hau da, gauzak egin nahi direlako egitea, gozatzeko, eta, azken finean, behin baino ez garelako biziko», nabarmendu du Gagok.
Establezimendura sartu eta berehala ikus daitezkeen argazkiek, aldiz, gorputza irudikatzen dute: «Espazio bat jada okupatuta duzunean, zeure gorputzarekin habitatzen ari zarela erakustea dute xede». Egileak laburbildu duenez, «gorputz batetik pentsatzen duzu, nolabait esateko». Elkano auzoan ateratakoak dira, batzuk koloretan eta besteak zuri-beltzean.
Argazkietako pertsonaiak emakumekumezkoak dira. «Beti irudikatzen ditut emakumeak, baina horrela ateratzen zaidalako». Lagunak izan ohi ditu bidaide bere proiektuetan, eta horrek erraztasuna ematen diola azaldu du, «baina ez dut inolako eragozpenik gizonezkoak irudikatzeko». Kasu honetan, Luisa Kulp, Ainara Ganuza eta Karla Rochas dira modelo lanetan aritu zaizkion lagunak.
Argazkiak egiteko orduan hartu-eman zuzena izaten du horietan aterako direnekin, eta nola erretratatzea gustatuko litzaieken galdetzen die Gagok: «Taldelana egitea dut gustuko, eta eskertzen dut beraiek ere niri esatea nola atera nahiko luketen». Erretratuak egiten urtebete pasatxo darama; lehen bidaietako argazkiak ateratzen zituen, gehienbat. «Lagunei argazkiak ateratzen hasi nintzen, eta zirkukoa izan zen landu genuen lehenbiziko saioa».
Oro har, «indar handia» transmititzen duten argazkiak dira erakusketan jarritakoak. Egileak onartzen du irudiotako jendea serio antzera agertzen dela, eta, agian, horrek ere eragina duela, «nahiz eta nik ez diedan esaten serio jartzeko ala barre egiteko».