Itsasaldea gertu sentitzen duten jazz musikari amateurrek sortutako elkartea da Tarteka Jazz. Proiektuak martxan pare bat urte daramatzan arren, abenduan hasi zen elkartea programazio erregular bat plazaratzen. Berriz abian jarri zenetik, Zarauzko malekoiko Marina Txiki tabernan egiten dituzte emanaldiak ostegun iluntzeetan.
Tabernako jabea den Esteban Altunak sortu zuen Tarteka Jazz. Gaur egun hamabost dira antolakuntzan diharduten kideak, baina bazkide berriak ongietorriak direla azaldu dute. Kideetako bat da Nere Arruti (Zarautz, 1966), eta elkartearen sortzaileak jazz zaleak diren arren, Arrutik proiektua literaturarekin uztartzera bideratu du, bi diziplinek elementu asko dituztelako komunean. Beraz, jazza beraien ardatza bada ere, horrekin lotuta dauden beste zenbait arlo literario zein musikal ere lantzen dituzte; betiere, inprobisazioarekin nolabaiteko lotura mantentzen dutenak. Elkarteko kideak eta antolatzaileak Julio Cortazar idazle argentinarraren aipu bat ekarri du gogora generoaz solasean: «Jazza tokira egokitzen den hizkuntza unibertsala da».
Jazz ekitaldiak antolatzen dituzte, eta antolatzaileak ere halaxe izaki, Tarteka Jazz musikari amateurrentzako topagune izatea da elkarteko kideen helburuetako bat. Beste hitz batzuetan, gazte sortzaileei beraien lanak erakusteko aukera emateko abagune bat izatea nahi dute antolatzaileek.
Formatu txikiko emanaldiak izaten dira, ostegun iluntzeetan, taberna giroan. Arrutiren hitzetan, «giro goxoa» sortzen da horietan. Agian, topatzen horren erraza ez den formatu honek esperimentatzeko aukera ematen dio artistari. Esaterako, Iñigo Astizek Martin Bidaurrekin batera abenduan eskaini zuen errezitaldian, ordu erdi iraun zuen poema bat errezitatu zuen. Arrutiren arabera, eskakizunak handiagoak direnean edo jende gehiago dagoenean esperimentatzea zailago da. «Literatura ikuspuntutik, giro samurrak aukera ematen du arrisku handiagoak hartzeko».