Iñaki Oñatibia eta Angel Epelde, Astiko lursailean (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Eskuetara begiratuta, ez dirudite baserritarrak Iñaki Oñatibiak (Zarautz, 1949) eta Angel Epeldek (Zarautz, 1947). Alegia, atzamar mehar samarrak dituzte baratzean lan gogorrean jardunak izateko. Baina baratzeari oso lotuta bizi dira azken urteetan; batez ere 2016tik. Hain zuzen, ordutik Asti eremuan 1.000 metro koadroko baratzea lantzen dute Bidarte baserriaren aurreko lursailean. Zein helbururekin? Bada, Caritasen janari bankura eramatea bertan lortzen dituzten milaka kilo barazkiak. Beraiek jarri zuten martxan Baratze Solidarioa, proiektua udalari aurkeztuta.
Ortuan eskuak erraz lokaztu arren, kontuak txukun-txukun daramatzate, eta hala jakinarazi du Oñatibiak iaz zenbat barazki ekoitzi zuten: «Bidali ditugu 6.000 hosto zerba, 194 kilo leka, 245 kilo kuiatxo edo kalabazin, 697 kilo kalabaza, 143 kilo tipula, 700 eskarola, 3.140 letxuga, 2.325 luzoker, eta abar». Asteazkenero biltzen dituzte barazkiak, eta Caritas elkarteak herrian duen lokalera eramaten dituzte. Gero, beharra duten familiek jasotzen dute janari saskia –barazkiez gain, beste hainbat produktu ditu–. 60 familia ingururi ematen diete jana.
Oñatibiak eta Epeldek kalkulatu ere egin dute dirutan zer balio sortu duten baratzeari esker. «Ordiziako merkatua jarraitu dugu, eta alderaketa egin ondoren, ikusi dugu 11.000 euroko balioa osatu dugula barazkiekin», azaldu du Oñatibiak. Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, inondik ere.
Argi dago ekonomia arloa ondo menderatzen dutela, baina baratzeak beste zerbait ematen diela azpimarratu dute: «Besteei laguntzeaz gain, norberarentzat ere onuragarria dela uste dugu. Ariketa fisikoa egiten duzu, eta barrurako ere ona da, psikologikoki onuragarria». Biek argi zuten erretiroa hartutakoan ez
Angel Epelde (O.L.A./Hitza)
zutela eguna pasa nahi pasieran eta txikito batzuk hartuz. «Errespetagarria da, baina guk nahiago dugu hau egin», dio Epeldek.
Lurraren usaina, txorien kantuak eta berriketa alaia. Osagai horiek guztiak izaten dituzte goizero baratzearen bueltan. «Zertaz hitz egiten dugun belarrak kendu bitartean? Bada, politikaz, futbolaz... Hi, enteratu al haiz Iñigo Martinezena? Athleticera doala!». Hizpiderik ez dute falta izaten.
Baratzerako lagun bila
Proiektuaren bizkarrezurra badira ere, inguruan beste hainbat laguntzaile badutela azaldu dute bi zarauztarrek, eta izen askoko zerrenda ere bota dute. Azpimarratu ere egin nahi izan dituzte bi: «Logistikaz arduratzen den Josetxori eskerrak eman behar dizkiogu, baita Jose Reyri ere. Hemen inguruan baratzea du, eta berak laguntzen digu azpiegitura arazoak ditugunean», azaldu dute.
Kontuak kontu, esan dute eskertuko luketela laguntza pixka bat egunerokorako. «Nahikoa dugu bi lagun etortzearekin egunero samar», zehaztu du Epeldek. Beraiek ere halaxe ibiltzen dira ortuan, egunero 09:00etatik 11:00etara. Animatzen denak hantxe aurkituko ditu, eta telefono zenbakia ere eman dute, nahiago duenak dei dezan (Iñaki: 639 76 89 56).
Iñaki Oñatibia (O.L.A./Hitza)
Deialdia irekia egin duten arren, buruan badute zeinek lagun lezakeen: «Gure ustez, interesgarria litzateke astero janaria jasotzen duten herritarrak etortzea hona laguntzera. Izan ere, dena eginda jaso ordez, beraiek egiten ikastea litzateke onena», iritzi dio Epeldek. Aditzera eman dutenez, martxan badaude halako esperientziak Euskal Herrian zehar.
Udala laguntzaile
Gloria Vazquez zinegotzia ere pozik dago proiektuarekin, eta eskerrak eman dizkie Oñatibiari eta Epelderi bereziki, eta baita Caritaseko boluntarioei ere. «Lan handia eta ederra ari zarete egiten», azpimarratu du. Zarauzko Udalak urtero 2.000 euro inguru eman ditu proiektua garatzeko, eta orain arte Udaberri adinekoen elkartea arduratu da dirua kudeatzeaz. Hemendik aurrera, ordea, Caritasek egingo du lan hori, Vazquezek jakinarazi duenez.
Caritaseko arduradun Gotzon Larrañagak ere esker oneko hitzak ditu Baratze Solidarioarentzat: «Kalitate handiko barazkiak ematen dizkigute, eta familiek jasotzen duten jaki-saskitik zati handiena, gainera, barazki hauek osatzen dute. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet egiten duten lanagatik».
Gaur ere, barazki sorta ederra eskuratuko dute diruz larri dabilen hainbat herritarrek.