Ainara Aymat, Mundakako proba irabazi ondoren. (EHSF)
Aurten ere, iaz kirol arloan modu batera edo bestera nabarmendu ziren herritarrak sarituko ditu Zarauzko Udalak. Horretarako, hautaketa prozesua jarri zuen martxan herritarren proposamenak jasotzeko, eta horietan oinarrituta, atzo bertan erabaki zuten udal ordezkariek nortzuk izango diren aitortza jasoko dutenak. Hala, Ainara Aymat surflaria eta Eneko Goenaga eskubaloi jokalaria izendatu dituzte iazko kirolaririk onenak.
Urte biribila izan zen iazkoa Aymatentzat; izan ere, hirugarren sailkatu zen Israelgo Seat Pro Netanya txapelketan, eta hainbat lorpen pilatu zituen Euskal Herriko Surf Zirkuituan: Mundakan eta Deban garaile izan zen, eta hirugarren, berriz, Orroagako nahiz Sopelako txapelketetan. Goenagak, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen 19 urtez azpiko Eskubaloiko Nazioarteko Txapelketan, Georgian, Espainiako Selekzioarekin.
Emakumezko talde onenaren aitortza ZKEko Futbol saileko neskek jasoko dute, bigarren mailara igotzea lortu baitzuten iaz Euskal Ligan txapeldun izan ondoren. Gizonezkoetan, berriz, Zarautz Arraun Elkarteko jubenil taldeak jaso du boto gehien, otsailean Euskadiko txapelketa irabazi zuelako.