Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'.
Poltsikotik paper mutur bat atera du Jesus Mari Olaizola Txiliku-k (Zarautz, 1951), eta txikera hitza gehitu dio boligrafoz idatzia daukan hitz zerrendari. Kazetariaren galderei erantzuten ari zaien bitartean gogoratu du hitza: "Polita da. Gure etxean, platerak sikatzeko egurrezko tresnari deitzen genion hala, xukaderari. Metalezkoa etxean sartu zenean, ordea, galdu egin zuen izena".
Zarautzen sortu, hazi eta bizi da, baina, itsasokoa baino gehiago, lehorrekoa izan dela dio. "Itsasotik 200 metrora jaio izanagatik, familia osoa lehorrekoa izan garela uste dut. Ostegun Santu egunean lapak biltzera joaten ginen itsasora, Ostiral Santu egunean lapa zopa jateko. Irteera horiek eta osabarekin egindako arrantza batzuk kenduta, itsasoarekin ez dut bestelako harreman esturik izan".
Txiliku ezizena familiatik datorkio, aitona Martinengandik. "Istorio luzea da. Aitona-amonak maizter egondako etxe baten izena zen Txiliku. Handik alde egin zutenean, berekin eraman zuten izena. Zarauzko toponimo bat da, eta herrian badira Txiliku izeneko beste familia batzuk ere". Gustuko du kontatzea, hitzen jolasa miresten du; hori ere familiatik jaso du. Idazteko lana, berriz, Zarauzko ikastolan irakasle zenean hasi zuen; material faltagatik hasi zen idazten, eta horretan jarraitzen du ordutik.
36 urte pasatu dira lehenengo liburua idatzi zenuenetik: Zozoa eta biok (Elkar, 1982). Ordutik idatzitako liburuen zerrenda zenbatuz gero, ia urtean bat izan da.
Bai, eta, beharbada, gehiago. Urtean bat bai, behintzat.
Nolatan hasi zinen idazten?
1974an hasi nintzen irakasle Zarauzko ikastolan, 5. mailatik 8. mailara artekoekin. Orduko ikas materiala ez zen haur haientzako modukoa. Sasoi hartarako testu batzuk itzultzen hasita zeuden; Sandokanenak, Pirata Beltzak… Baina astunak egiten ziren. Eskolan bertan, ikasleei zerbait kontatzeko tartetxo bat hartzen hasi nintzen, arreta sortzeko-eta. Niri asko gustatzen zait gauzak kontatzea, baina burua beti ez da prest egoten, eta, tarteka, kontakizun batzuk idatzi egiten nituen, gero gogoan edukitzeko. Ipuin batzuk idatzita neuzkanean, liburu batean hobeto egongo liratekeela pentsatu nuen, jendeari banatzeko eta. Hala, argitaletxe batera joan nintzen, eta han topatu nuen Joxan Ormazabal, gero urte askoan nire lagun mina izango zena. Liburu bat osatzeko gutxi zela eta, testu gehiago idatzi ondoren itzultzeko esan zidan hark. Hala, dozena bat ipuin-edo egin nituen, eta hortxe osatu nuen lehenengo liburua. Gero, behin hasita, utzi ezin den halako bizio bat izaten da.
Haur eta gazte literaturako liburuak egin dituzu batik bat. Zergatik?
Hamabi urtean irakasle jardun nuen ikastolan, eta orduan haurrak neuzkan idazteko erreferente: aurrean nituenak. Gainera, batzuetan protagonista ere izan ziren haiek; horrela, kontatzeko ohitura zahar harekin jolas bat egiteko aukera ematen zidan. Ondoren, argitaletxean lanean hasi nintzenean ere, adin inguru horretako jendearentzako testuliburuak egitea zen nire lana. Obligazioa zen testuliburuak egitearena, eguneroko janaria lortzeko egin beharreko lana; eta nik nahiago nuen beti tartetxo bat gorde beste lan bat egiteko, nire gustuko lan bat: kontatzekoa. Beti joan dira liburuak erreferentzia horien arabera; gero, seme-alabekin ere gertatu da hori [horiek ere izan dira protagonista liburuetan]. Beste lan luzeago batzuetara ere jo izan dut ondoren, eta helduentzat beste liburu batzuk sortu. Gero etorritako kontua izan da hori.
- Elkarrizketa osorik irakurtzeko Gipuzkoako HITZAn.