Urriaren 30ean, 12. urteurrenean, topa egin zuten gaztetxean. (Aritz Mutiozabal)
Xakela Gaztetxe Asanbladak idatzi bat kaleratu du, 2017an jazotakoaren inguruan. Urrian, 12. urtemuga ospatu zuen Putzuzulok, eta "sekulakoa" izan zela dio: "Aspaldi ez bezalako urteurrena, ikasturteari ekiteko dosi erraldoia". Dena den, "betiko arazoekin" jarraitzen duela nabarmendu du: "Bai urteurrenean, bai ondoren, EAJk ez dizkigu herritarronak diren eskatutako azpiegiturak utzi. Benetan, ez dugu ulertzen". Salatu du alderdi jeltzaleak oholtzarik ez diola utzi asanbladari 20. urteurrena bete berri duen Erantzun taldearen eta, zortzi urteko ibilbidearen ondoren, azken kontzertua eskaini zuen Mor More taldearen emanaldietarako.
"Herritarron diruarekin erositako materiala herritarrek erabili ezina azpiegiturak pribatizatzea dela deritzogu", kritikatu du. "Udalak herriko azpiegitura guztia erabili dezake haren ekintzetarako eta kontzertuetarako eta, zerbait handiagoa antolatu nahi badu, alokatu egiten du. Hori guztia gure diruarekin, denon diruarekin". Hori horrela, "udalak jarritako traba guztiekin kokoteraino" dagoela jakinarazi du, "beti zalantzarekin eskaerak egitearekin, udalaren apetazko tratuarekin eta babes faltarekin".
Xakela Gaztetxe Asanbladaren arabera, "udalak herritik sortzen diren ekimenei laguntza eta babesa eman beharko lieke, baina, EAJren jarrera guztiz kontrakoa da": "Elkartasuna, elkarlana eta bizikidetza bezalako hitzekin ahoa betetzen duten arren, ez dute horiek betetzeko ahaleginik egiten. Ez batzuekin behintzat".
Salberdinen inguruan kartelak jarri dituztela gogoratu du eta EAJko ordezkariak "harrotasunez" agertu direla komunikabideetan proiektuaren nondik norakoak azaltzen. "Hala ere, bizilagun eta proiektu batzuen etorkizunari buruz hitzik ez dute esan. Hau da hau gobernua! Hamabi urtez lanean tinko ibili den gaztetxeari ez dio irtenbiderik bilatu nahi. Hori al da herri antolamendua? Herritar guztiongan pentsatzen al dute gure agintariek?", galdetu dute asanbladako kideek.