Eskualdeko hainbat lagun epaituko dituzte bihartik hasita, "desordena" leporatuta

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 8a

2015ean, Ernaiko zazpi kideren eta ‘Topatu.info’-ko kazetari baten kontrako epaiketan, auzipetuek egindako protestan parte hartu izana egotzi diete haiei nahiz beste 40tik gora laguni.

Orduko zortzi auzipetuak, protesta egin zuten unean. Mugertza, eskuinetik hasita, laugarrena da, (Topatu) 50 lagunen kontrako epaiketa hasiko da bihar, Alcala de Henareseko (Madril, Espainia) auzitegian eta, auzipetuen artean, hainbat dira eskualdekoak: bost zarauztarrak dira, beste bat Azpeitian bizi den errezildarra eta beste bat azpeitiarra. 2015eko Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeko zazpi kideren –tartean, Garazi Mugertza zarauztarra– eta Topatu.info-ko kazetari baten kontrako epaiketan "desordena publikoa" eragiteagatik daude auzipetuta. Orduko akusatuak eta ikusle gisa joan zirenak daude inputatuta; eskuldekoak dira Mugertza bera eta ikusleetako sei. Zarauztarrak azaldu dio zergatia Urola Kostako Hitzari, atzera begirakoa eginez. "013­ko udaberriko Gazte Danbadan terrorismoa goratu izana leporatuta epaitu gintuzten zortziok, eta absolbitu egin gintuzten. Hala ere, inputatuak izan ginen protesta egiteagatik epaiketako lehenbiziko saioan, 2015eko maiatzaren 28an". Aldarrikapen moduan, herri harresi bat irudikatu zuten, Euskal gazteria aurrera! oihukatuz eta elastiko laranjak erakutsiz, Gasteizko herri harresian atxilotutako zazpi gazteei elkartasuna adierazteko. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru aste atzera zazpi gazte horiek kartzelaratzeko agindu zuen, Segiko parte izatea egotzita. "Orduan, Angela Murillo auzitegi bereko epaileak saioa etetea erabaki zuen eta guztiok kaleratu gintuen". Horren harira dator gaur hasiko den epaiketa. Epaiketa, "lekuz kanpo" "Protesta horren helburua zen epaiketekin sortutako zirku hori guztia salatzea. Azken finean, geure kontrako epaiketa horixe izan zen, zirku bat: ez zuten inolako frogarik eta argi geratu zen helburua zela Ernaien eta Segiko gazteen kontrako epaiketa bat martxan jartzea. Azkenean, arrazoia eman ziguten eta guztiok absolbitu gintuzten". Zentzu horretan, "inongo oinarririk" ez duen kontua «luzatzea» dela dio Mugertzak: "Ekimena aurrera eramateagatik gu zortziok inputatu izanak akaso logika apur bat izango luke, baina ikusle guztiak inputatzea, ez zekitenean halakorik egingo genuenik eta inongo parte hartzerik izan ez zutenean... Abokatuak berak ere hala dio: ez duela zentzurik epaile batek ikusleak inputatzea. Horregatik diogu logika hori mantentzen duela auzitegiak, ahalik eta gehien luzatuz kontua". Amaia Agirretxe azpeitiarra da epaiketara ikusle gisa joan zenetako bat, eta hark "zentzugabetzat" jo du beraien kontrako auzia, epaiketa "lekuz kanpo" dagoela adieraziz. "Epaiketa batean publiko bezala parte hartuz, gure lagunei elkartasuna adierazteagatik 50 lagun akusaziopean deklaratzera joan behar izatea salbuespen egoera bat da", salatu du. Ziurgabetasun egoeran daudela nabarmendu du azpeitiarrak, "ez dakitelako zer gertatuko den". "Zentzuzkoena absoluzioa izango litzateke, baina ez da gure logikaren barruan sartzen halako gertaera bat Madrilen epaitzea. Beraz, ezin genezake aurreikusi zer gertatuko den". Epaitegiak, bihartik hasita, bost egun ditu gordeta auzi horretarako. Dena den, Mugertzaren arabera, abokatuek uste dute laburragoa izango dela. "Ez dago hainbeste eduki". Guztiek deklaratu beharko dute, aurreko epaiketako zortzi auzipetuek zein ikusleek. "Zortziok gauza bera deklaratuko dugu, eta 40tik gora ikuslek ere bai, alegia, ez zutela inongo parte hartzerik izan ekimenean. Hori kontuan izanda, nahiko azkar joango dela uste dugu". Fiskaltzak bosna hilabeteko kartzela zigorra eskatu du auzipetu bakoitzarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide