Jose Ignacio Iruretagoiena. (Zarauzko artxiboa)
Asteartean, urtarrilaren 9an, hogei urte beteko dira ETAk Zarauzko PPko zinegotzi Jose Ignacio Iruretagoiena Larrañaga hil zuela. Urteurren horren harira, udalak "oroitzeko, aitortzeko, omentzeko eta esker ona adierazteko" ekitaldi berezia antolatu du egun horretarako.
Bertan, Iruretagoienaren familiari harrera egin diote eta ondoren Xabier Txurruka alkateak, udal zinegotzien babesarekin, testu bat irakurriko du. Jarraian, biktimaren familiarekin batera, Iruretagoienaren omenezko plaka estalgabetuko dute.
Ekitaldira gonbidatu dituzte Zarauzko alkate ohiak eta Iruretagoienarekin agintaldian zinegotzi izan zirenak. Era berean, omenaldira etortzekoak dira Imanol Lasa diputatua; Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria; Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro. Ekitaldia 19.00etan izango da, udalbatzar aretoan.