PSE-EEk aurkeztu zuen mozioa. (Erlo)
Urteko azken udalbatzarrean, abenduaren 28koan, Ekhine Eizagirreri egindako harreren kontrako mozioa aurkeztu zuen PSE-EE alderdiak. Horren bidez, Gloria Vazquez alderdiko bozeramaileak gogoratu zuen azaroaren 14ean eta abenduaren 2an harrera publiko bana egin ziotela preso ohiari, "ETAko zein, beste hainbat armen artean, 40 kilo lehergailu zituen talde bateko kide izateagatik lau urteko zigorra bete ondoren".
Adierazi zuen "ETAko kideei kalean harrera egitea etikoki nahiz politikoki onartezina" dela: "Ekitaldi horiek irain bat dira memoria, erreparazioa eta justizia zor diegun ETAko biktimentzat". Gogoratu zuen Zarautzen 13 lagun hil eta beste hainbat zauritu zein mehatxatu zituela ETAk eta, zentzu horretan, ezin dela "onetsi horren arduradunak heroi gisa goratzea".
Alderdi sozialistak, mozioaren bitartez, eskatu zuen preso ohiari egindako harrera publikoa gaitzesteko eta "ekitaldi horiek biktimengan eragindako ondoezaren aurrean" haiei elkartasuna adierazteko. Era berean, berretsi zuen "beharrezkoa dela lan egitea bizikidetza eta terrorismoaren deslegitimizazioaren bidean".
EAJk mozioaren alde egin zuen, nahiz eta aitortu jeltzaleek ez luketela mozioa modu horretan idatziko. Dena den, Jesus Arana EAJko kide eta Bizikidetza Batzordeko buruak nabarmendu zuen guztiek "esfortzua" egin behar dutela eta kontuan hartu behar direla "biktimek jasan dituzten une zailek utzitako ondorioak". "Hori oraindik ere ez dugu gainditu eta intituzio ezberdinek aitortu behar dute herri hau denbora askoan terrorismoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketen mende egon dela, eta oraindik ere badagoela", adierazi zuen.
Zentzu horretan, esan zuen EAJk ez duela "ongi" ikusten harrerak nola egin ziren, ekitaldiok biktimengan izan zezaketen eraginagatik, eta nabarmendu zuen "lan asko" dagoela egiteko pertsona ororen giza eskubideen alde. "Giza eskubideen zein terrorismoaren deslegitimizazioaren alde lan egiteak izan behar du gida beti".
Ildo horretatik, Bizikidetza Batzordean egiten ari diren lanak bere emaitzak emango dituela ziurtatu zuen Aranak, eta 2018a urte "garrantzitsua" izango dela bide horretan. "Alderdi guztiok halako gai sentiberen inguruan hitz egiteko gai garen bitartean, etorkizuna lantzen ari gara".