Igandean, Urtezahar egunean, Urrezko Aizkolarien Kopako eta Gabonetako Harri-Jasotzaileen Txapelketako finalak jokatu zituzten Usarrabi pilotalekuan. Hiru aizkolari aritu ziren urteko azkeneko txapela jantzi nahian: Jon Rekondo leitzarra, Mieltxo Mindegia doneztebarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Azken biak, Mindegia zein Larrañaga, estreinakoz aritu ziren finalean. 45 ontzako bi enbor eta 54ko hamalau moztu behar izan zituzten. Larrañaga izan zen azkarrena lanak bukatzen, 37.28ko denborarekin. Jon Rekondo bigarren sailkatu zen 39.10ekin, eta Mieltxo Mindegia izan zen finaleko hirugarren aizkolaria, 41.31rekin. Hasiera batean, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a ere bertan izatekoa zen, baina lesioa medio, azkenean ez zuen parte hartu. Haren ordez Peñagarikano aritu zen.
Harri-jasotzaileetan, berriz, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra nagusitu zen, 75 jasoaldirekin. Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra bigarren geratu zen, 70ekin, eta Inhar Urruzuno ondarroarra hirugarren, 64rekin. Finaleko jardunaldian hiru harri erabili zituzten: 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola, hain zuzen ere. Harri bakoitzarekin bi minutuko saioak egin zituzten hiru lehiakideek.
Hona hemen Urtezahar egunean Asteasun jokatu ziren Urrezko Aizkolarien Kopako eta Gabonetako Harri-Jasotzaileen Txapelketako finaletako hainbat irudi: (Argazkiak: Ibon Errazu)
[flickr_set id="72157662210483037"]