Vazquez, Arkamurkako ordezkariekin batera (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Birigarroa, amiltxoria, ubarroia, zankaluzea, antxeta mokogorria, paparurdina, txilinporta txikia, kopetazuria... Asko eta asko dira Iñurritzako biotopoan aurki daitezkeen hegazti espezieak. Zehazki, 230 mota ditu sailkatuta Arkamurka natur elkarteak Malla Harriko labarretan, Talaimendin, dunetan zein hareatzetan, kanaleko paduran eta Ixpillako urmaelean. Horietatik ehun hegazti «adierazgarrienekin» gidaliburua osatu du orain, Zarauzko Udalaren Ingurumen Sailak lagunduta.
«Ingurumen Sailaren helburua da bioaniztasuna zaintzea. Horretarako, funtsezkoa da gure herriko fauna eta flora ezagutzea, baita herritarrei erakustea ere, guztiek zain dezaten», nabarmendu du Ingurumeneko zinegotzi Gloria Vazquezek. Hori izan da biotopoko hegaztien gidaliburua sortzeko abiapuntua. Horretarako, atalka banatu dute liburua, Aitziber Sarobe Arkamurka natur elkarteko kideak jakinarazi duenez.
Lehenbiziko ataletan, biotopoko balioak jaso dituzte, bereziki, ornitologiari begira. «Iñurritzan ezinbesteko hainbat habitat daude; hegaztien migraziorako giltzarria da eremu hori». Sarobek jakinarazi duenez, Euskal Herrian «asko murriztu» dira habitat batzuk, «urbanizazio kontuengatik eta giza presioarengatik». Horrenbestez, «bereziki garrantzitsua» da eremu hori mantentzea, zenbait espezieren biziraupena bermatzeko. Hala, natura kontserbazio ikuspegitik eremuan eman dituzten pausoak eta biotopoak izan duen garapena azaldu dute lehen ataletan, baita Arkamurka elkarteak berak egindako ikerketen nondik norakoak ere.
Eremu horretako hegazti «ohikoenak» jaso dituzte ondorengo atalean; ehun bat, guztira. «Ez daude diren guztiak; Iñurritzan beste hainbat espezie ere badaude, baina gidaliburuan jasotakoak modu batera edo bestera erraz ikus daitezkeenak dira, betiere arreta jarrita, denborarekin eta pazientziarekin», dio. Zentzu horretan, hegaztiak behatzeko aholkuak ere bildu dituzte.
Hala ere, natur elkarteko kideak gogoratu du, hegaztien migrazioko eremua izaki, egunetik egunera «asko» aldatzen dela bertako errealitatea. Zentzu horretan, egutegi bat ere jaso dute liburuan, hilabetez hilabete zein hegazti ikusteko aukera dagoen argitzeko. Horrekin batera, gogoratu du biotopoaren inguruko blogean (inurritzakoak.blogspot.com.es) dagoela jasota urte garaiei dagokion informazio zabalagoa.
Arkamurkako kideek biotopoan eta inguruan ateratako argazkiekin zein ilustrazioekin lagundu dituzte testuak. Iñurritzako hegaztien gidaliburua herriko dendetan dago salgai, 15 euroan.