Luix Mari Zulaika: "Guztiok egin dezakegu zerbait hobetzeko, ez baitago errudun bat"

Aritz Mutiozabal 2017ko abe. 21a, 10:45

'Haurren artean mendizaletasuna sustatzeko egitasmoa' liburua kaleratu du EHUko Hezkuntza eta kirol fakultateko irakasle Luix Mari Zulaikak (Zarautz, 1965), hobekuntzarako ehun proposamen zehatz aurkeztuz.

Luix Mari Zulaika (Aritz Mutiozabal). Gipuzkoako Mendizale Federazioak proposatutako ikerketa baten emaitza duzu liburu hau. Nola sortu zitzaizun erronka? UEUren eta EHUren artean antolatutako mendiaren inguruko master bat eman nuen 2015-2016 ikasturtean. Nire irakasgaia Hau­rrak eta mendia zen, eta datu bila federaziora joan nintzen: partaide kopuruen eta abarren bila. Bertan esan zidaten egoera oso beltza zela, eta enbidoa bota zidaten ea horri aurre egiteko formula magikorik aurkitzen nuen. Eskaera horri helduta ekin nion ikerketari. Hala, egoeraren argazkia ateratzea izan zen lehen pausoa. Beraiek bazuten beheraka zihoan susmoa, baina hori pixka bat kuantifikatu egin nuen, eta bilakaera atal ezberdinetan neurtu eta jaso. Bigarren urratsa izan zen horren aurrean zer egin daitekeen zehaztea. Eskaera egin zizutenean, federazioak zuen ikuspegiarekin bat egiten zenuen? Urte asko daramatzat Gurutxurturekin, Pagoeta Mendizale Elkartearen haurren atalarekin, lan egiten eta irteerak prestatzen. Nabarmena zen herri mailan ere jaitsiera zegoela eta egoera larria zela. Pertzepzio hori baneukan lehendik ere, agente ere banaizelako. Kuriosoa da, mendian federatutako fitxa kopurua inoiz baino altuagoa da, eta arazo hau haurretan atzeman da. Gazteen kopurua handia da, baina mendi elkarteetatik aparte bizi da. Norbanakoa gailentzen ari da, eta elkarteak orokorrean krisian daude. Orain arteko ereduak ez du funtzionatzen eta mendizale gehienak klubetara jotzen dute segurua egin behar dutelako. Hori horrela, erreleboa falta da eta antolatzen diren irteeretara  edo ekintzetara ez da jenderik joaten. Gizartearen ohiturak aldatu dira: jendea bere furgonetarekin eta GPSarekin Pirinioetara joaten da, eta ez du autobusik behar, ezta gidaririk ere. Jendeak bere kabuz joan nahi du, bere ordutegian eta nahi duenean. Ikerketa errelebo hori bermatzeko pentsatuta egin al da? Katebegi hori haustera doala-eta, argi gorria piztuta zeukaten federaziokoek. Gazteen kasuan iritzi ezberdinak daude: batzuek diote ez dagoela arazorik, eta besteek baietz. Federatzen dira baina beraien kasa ibiltzen dira, eta mendizaletasunaren ezaugarriak ari dira galtzen: auzolana, elkarlana, sozializatzea, elkarrekin aritzea... Ondorioz, mendi elkarteek herrietan izan duten balioa ere galtzen ari dira. Nik haurren kasuari erreparatu diot, eta hori konpoduko balitz, horrek gerora izango luke eragina. Izan ere, gazteen kopurua ongi dabil, baina haurrena ez. Haurren parte hartze kopurua zergatik jaitsi da? Arrazoi dezente daude. Lehena da gizarte honetan eroso bizi garela: ez dute nahi goizean goiz jaiki, nekatu eta, gero, lokatza garbitu. Gizartearen ohiturak eta balioak aldatu egin dira. Garai batean sakrifizioa eta esfortzua asko baloratzen baziren, egun ez zaie hainbesteko garrantziarik ematen. Bestalde, haurrak gainbabestuta daude gaur egun. Gainera, esaten dute ostiralera arte ez duela inork izena ematen irteeretan, eguraldi ona bermatuta ikusi arte, alegia. Gero, aisialdirako eskaintza asko ugaldu da garai batetik hona. Beste argudioetako bat da eskola kirola larunbatetan bakarrik izaten zela lehen, baina 2008an legea aldatu eta kirol eskolak sortu ziren, eta egun alebinetatik aurrera igande ia guztiak okupatuta dituzte, batez ere mutilek. Zer metodologia erabili duzu ikerketa egiteko orduan? Metodologia kualitatiboa erabili dut, eztaibaida taldeak osatuz. Gipuzkoan haurrekin mendian ibiltzen diren agente guztiak gonbidatu nituen: federazioko ordezkariak eta mendi teknikariak, mendizale elkarteetako ordezkariak, aldundiko ordezkariak eta ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaileekin hainbat bilera egin genituen, eta gero presentzialki etortzeko aukera izan ez zutenek inkesten bidez parte hartzeko aukera izan zuten. Mendiak eskaintza zabala du eskola kirolaren barruan; batzuk, eskola ordutegi barruan, eta besteak eskola orduz kanpo. Eskola orduz kanpoko ezagunenak dira ohiko irteerak eta urtean behin egiten diren ibilaldi neurtuak, eta horiek dira batez  ere jaisten ari direnak. Eztabaida taldeetatik informazio pila bat bildu nuen, eta horiek kategorizatu eta jaitsieraren zergatia azaltzeaz gain, egoera hobetzeko hainbat proposamen jaso ditut. Ehun proposamen dira guztira. Badago zeregina, ezta? Gipuzkoan parte hartzen duten agente guztien iritziak jaso ondoren ateratako ondorioak dira.  Erakunde edo eragile bakoitzari bideratutako hainbat neurri jaso ditut, eta guztira ehun proposamen izan dira. Kopuruarena sinbolikoa da. Kontua  da denok egin dezakegula zerbait hobetzeko, eta ez dagoela errudun bat. Baina gizartearen modak aldatzea oso zaila da, aldagai askok parte hartzen dutelako.  Mendia, ordea, ez da kirola bakarrik. Gero eta gizarte urbanoago eta artifizialago batean bizi gara, eta ea pixka bat berreskuratzen dugun lehengo belaunaldiek izan zuten errespetua eta ikuspegi iraunkorra. Nolabait esateko, ea horretaz kontzientziatzen garen. Natura zaintzeko ezinbestekoa da berau ezagutzea, bizitzea eta bertan ibiltzea. Harreman horrek ematen du jarraitzeko bultzada. Azkenean, praktikara eramateko gida liburu bat litzateke. Ehun proposamen horiez aparte, bi eranskin ere gehitu ditut ekarpen bezala: batetik, mendizaletasuna zergatik bultzatu beharko genukeen azaltzen dut, zergatik den onuragarria gizartearentzat; eta bestetik, haurrekin mendi irteerak antolatzeko zer izan beharko genukeen kontuan. Proposamenak zehatzak dira, eta egun Gipuzkoan dagoen arazoari erantzutera datoz. Beste bi ekarpenak orokorrak dira, eta dekalogo bezala pentsaraztera ematen dute. Azken finean, mendia ez da kirol bat gehiago. Niretzat beste zerbait bat da: gizartea ulertzeko modu bat, natura, iraunkortasuna, ikuspegi hezitzailea duena... Ez da kirola bakarrik. Non lortu daiteke liburua? Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren eskutik ikusi du argia, eta Gipuzkoako eskoletan eta mendizale elkarteetan banatu da, baita beste federazioetan eta udal liburutegi sarean ere. Hiru eurotan eros daiteke aldundiak jarritako postuetan, eta beraien webgunean ere jartzekotan dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide