Xabier Txurrukaren arabera, negu honetan jarraituko dute Salberdingo eraisketa lanekin. (Aritz Mutiozabal)
2018an Salberdingo obrak martxan jartzeko «funtsezko» pausoa eman dute: eremu horretako urbanizazio proiektua onartu du Zarauzko Tokiko Gobernu Batzarrak. Astelehenean eman zion hasierako onespena, eta Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, proiektu horrek Salberdinen egin beharreko obrak definitzen ditu, «antolamenduaren plan berezian eta urbanizatzeko jarduketa programan jasotako aurreikuspenak garatuz».
Hala, obren kontratuaren aurrekontua «garrantzitsua» dela nabarmendu du; 14,4 milioi euro ingurukoa (BEZ gabe), hain zuzen ere. Urbanizazio proiektua behin-behinean onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute proiektua bera, baita horrek ingurumenean izan dezakeen eraginaren inguruko azterlana ere. Behin GAOn argitaratuta, 30 eguneko epean jendaurrean jarriko dute, interesa dutenek alegaziorik egin nahi izanez gero horretarako aukera izan dezaten.
Salberdingo urbanizazio proiektuaz gain, ibilgailuak sotoetan sartzeko ordenantza osagarria ere onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak behin-behinean. Bertan hainbat arau eta baldintza zehaztu dituzte, ondoko irizpideak jarraituz: oinezkoen segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea nahiz galduko diren espazio libreen ordainetan portxeak handitzea, kasu. Ordenantza hori 20 egunez egongo da jendaurrean, GAOn argitaratu ondoren.