Abenduaren 8ko espetxe birako irudi bat. (Zarauzko Sare)
"Poztu gara Ekhineren [Eizagirre] etorreraz. Hoztu gara Parisen, baina ozen esan dugu: orain presoak. Eta Zarautzen, itzulpen argia du horrek: orain Ekaitz". Ekaitz Sirventen egoeraren berri eman, salbuespen neurrien eta urruntzearen eraginak salatu zein haren etxeratzea eskatzeko, Zarauzko Sarekdinamika berria jarri du martxan: Ekaitz 0 km.
Horretarako, Tarasconetik –bertan dago preso zarauztarra– Zarautzera dauden kilometro adina lagun bildu nahi dituzte, guztira, 672 pertsona. "Argazki bidez bidlurko ditugu atxikimenduak, errepideko kilomentro zenbakia irudikatzen duten seinaleekin: 672, 671, 670... 0 kilomentrora iritsi arte".
Ez dute epe muga zehatzik jarri kopuru hori lortzeko; aurrez, parte hartuko dute herritarrekin egon nahi dute, "argazki bat ateratzeko bakarrik ez, baita egoeraren inguruan hitz eta egin denon artean bidea zehazteko ere". Hori horrela, hainbat ekitaldi antolatu dituzte ikasturterako. Lehenik eta behin, abenduaren 20an, datorren asteazkenean, dinamika beraren aurkezpen batzarra egingo dute, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan, 19:00etan.
Era berean, postua jarriko dute kalean hilaren 23an eta 30ean zein urtarrilaren 6an. Halaber, eskuorriak banatuko dituzte asteburu honetatik aurrera, Sirventen egoeraren berri emateko asmoz. Urtarrilaren 6an, berriz, auto karabana izango da Asti kirolgunetik abiatuta, 12:00etan.
Urtarrilaren 13an "mugarri garrantzitsua" dutela diote. Hain zuzen ere, egun horretan egingo dute Bilbon euskal presoen aldeko ohiko manifestazioa, Prest gaude lelopean eta Sarek deituta. Zarauzko Sarek Ekaitz 0 km dinamikaren berri emango du bertan eta baita lehenbiziko atxikimenduak bildu ere. Jakinarazi dutenez, aurki emango dute bertaratzeko autobusen berri.