San Tomas azoka, Zarautzen.
Abenduaren 21ean da San Tomas eguna, baina Zarautzen eta Getarian aurrez ospatuko dute. Zehazki, larunbat honetarako antolatu dituzte ekitaldiak. Zarauzko AbEnduaK azoka AEK-k antolatu du, ohi bezala, eta Lege Zaharren enparantzan egingo dute, 10:30etik aurrera. Mintzodromoarekin hasiko dute eguna, eta antolatzaileek adierazi dutenez, euskaraz hitz egin nahi duen bidelagun eta euskaldunberri oro izango da ongi etorria.
12:00etan, berriz, ipuin kontalaria izango da, eta ordubete geroago, 13:00etan, herri kirol erakustaldia. Iaz abiatutako ildoari jarraituz, aurten ere herriko eragileei eskaini die AEK-k talo postua jartzeko aukera eta Zarautz Libre mugimenduari egokitu diote. Jakinarazi dutenez, herriko bost gazteren kontra urtarrilean izango den epaiketako gastuak ordaintzeko baliatuko dute bildutako dirua. Bestalde, otarre baten zozketa egingo dute, txistorra lehiaketa izango da, eta baita girotzeko musika ere.
Getariako San Tomas azoka, berriz, Gure Txeru elkarteak bultzatu du. Berdura plazan izango da ekitaldia, 12:00etatik 14:00etara. Kasu honetan, elkarteko kideek prestatutako taloak dastatu ahalko dituzte bertaratzen direnek, eta sagardoa ere eskainiko diete jatekoari laguntzeko. Era bereab, musika izango da festa giroa biribiltzeko. Horrekin batera, Urritza aisialdi taldeko kideek haurrei zuzendutako gabonetako apaingarrien tailerra eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, gaztain erreak izango dira.