Andoni Egaña: "Txapelketa ez da bertsogintza osoa"

Aritz Mutiozabal 2017ko abenduaren 14a

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da igande honetan, Barakaldon. Lau aldiz txapeldun izandakoak oso gertutik jarraitu du aurtengo txapelketa, eta saioaz gozatzeko irrikitan dago.

Andoni Egaña bertsolaria. (Aritz Mutiozabal) Txapelketako finalaren atarian, garai bateko urduritasun berarekin al zaude? Ez, askoz ere erlaxatuago nabil. Garai batean lan gutxiago eta kezka gehiago izaten nuen, eta orain lana bakarrik daukat. Eta lana denean, ez da kezkarik. Pilatu zaizkit elkarrizketak eta halakoak, baina gustura egiten ditut, eta, batez ere, libratu daitezela zortzi finalistak horrelakoetatik. Segur aski zuk baino hobeto gutxik jakingo dute zer bizitzen ariko diren egunotan zortzi bertsolari horiek? Bai, baina ahaztu ere egiten zara. Lehen aldiz duela ia 32 urte hartu nuen nik parte finalean, 1986ko martxoan, eta ahaztu egin naiz egia esan nola pasatu nuen aste hura. Zazpi final jokatu ditut, eta ez naiz kapaza finalaren aurreko asteetan zer egin nuen gogoratzeko. Gogoratzen dudana da pilota gero eta  handiagoa zela. Hasieran, 1986an, prentsaurrekoa larunbat arratsaldean egin genuen, belodromoan bertan edo Xanti hotelean. Gerora, larunbat goizean egiten hasi ginen Donostiako udaletxean, eta orain hiruzpalau egun lehenago egiten da Barakaldon. Pilota gero eta handiagoa da komunikatiboki. Bertsolariaren kezka eta prestakuntza intimoa berdintsua izango dela pentsatzen dut. Oihartzun mediatikoak erantzungo lioke gizartearen interesari. Duela 30 urtetik hona horrebeste aldatu al da? Nik uste dut muina ez dela aldatu, eta 1986tik hona publiko kopurua ere ez dela hainbeste aldatu. 9.000-10.000 pertsona egongo ziren belodromoan nire lehen finalean; 1982tik 1986ra bai aldatu zela, Karmelo Baldako 2.000­tik belodromoko 9.000ra jada saltoa zegoen. Baina azken 32 urte hauetan 9.000tik 14.000ra ez da hainbesteko saltoa. Aldatu dena da finalerako sarrerak noiz agortzen diren: lehen bezperan agortuko zirela pentsatzen dut, eta orain hilabete eta erdi lehenago. Gizarte modu diferentean bizi gara, eta 1986a izan zen lehen txapelketa komunikabideek arreta handia eskaini ziotena: ETBk zuzenean eman zuen eta orduko egunkariek –Egin, Deia eta hauek– inportantzia handia eman zioten, gehigarriak argitaratuz. Orain dagoena da hedabide gehiago, tokikoak eta abar. Etxe beraren barruan borroka handiagoa programa bakoitzera joan daitezen finalistak... Sortzailearentzako kristoren putakeria! Publikoaren figura ere aldatuz joan al da? Ez horrenbeste. Beti esaten da publiko gaztea dela, baina inoiz ez da neurketarik egin... Esango nuke guri iruditzen zaigula hala dela, baina 1986an ere adin tartea ez zen izango gaur egun baino askoz zaharragoa; bost-sei urte zaharragoa zen, agian. Nik uste dut zelofana dela aldatzen dena, eta ez muina. Bada uste oker bat egungo finalistak garai batekoak baino gazteagoak direla dioena. Bai, hori ez da egia. Aurtengoa izango da aspaldiko finalik zaharrena. Norberak duen adinaren arabera iruditzen zaio ala ez gaztea. Finalisten artean gazteenak 30 urte ditu, Beñat Gaztelumendik, eta 1986an 30 urtetik beherakoak bost ginen. Zortzi urte pasatu dira zure azkeneko finaletik. BECeko oholtzara berriro igotzeko inbidiarik ez al dizu ematen? Ez, batere ez. Nahikoa bizi izan nuen hori eta, gainera, zurrunbiloaren barruan zabiltzanean ez diozu hainbesteko garrantziarik ematen. Orain, kanpotik begiratuta, bertigo pixka bat ematen dizu. Aurtengo txapelketa nahiko zehatz jarraitu dut, eta miresmen puntu bat ematen didate alanbre fin horretara igotzeko kapaz diren nire kideek. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Zarauzko Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide