Indarkeria matxistaren kontrako Gipuzkoako protokolo berria sinatu dute Azpeitiak eta Zarautzek

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 4a

Foru Aldundian aurkeztu zuten joan den ostegunean "erakunde desberdinen eta gizarte osoaren arteko lanabes partekatu gisa eratu" duten protokoloa. Besteak beste, lurraldeko bederatzi udalek sinatu dute dagoeneko agiria, eta horien artean dira Azpeitia eta Zarautz. Eneko Etxeberria eta Xabier Txurruka alkateak izan ziren aurkezpenean.

Osteguneko aurkezpeneko une bat. (Gipuzkoako Foru Aldundia) Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko lurralde osorako lehenengo protokolo instituzionala aurkeztu zuen joan den ostegunean Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Protokolo estandarizatua eta aitzindaria da, eta gure lurraldean emakumeen kontrako indarkeriari erantzun irmoa emateko borondatearen ondorioa", adierazi dute aldundiaren iturriek. "Erakunde desberdinen eta gizarte osoaren arteko lanabes partekatu gisa eratu" dute protokoloa. Besteak beste, bederatzi udalekin kontrastatu du egitasmoa aldundiak; Azpeitia eta Zarautz dira protokoloa sinatu duten udaletako bi, eta Eneko Etxeberria eta Xabier Txurruka alkateak aurkezpenean izan ziren, Berastegi, Irura, Legazpi, Tolosa, Urnieta, Urretxu eta Zumarragako alkateekin batera. Lehentasunezko arreta ematea biktimei; erantzun azkarra, koordinatua eta eraginkorra ematea; erasotzaileekiko gaitzespena erakustea; eta informazioa kontrastatzeko betebeharra, jendartean alarma ez pizteko, jarduera prebentiboa bultzatzeko eta sentsibilizazioa indartzeko. Horiek dira protokolo berriak bultzatu nahi duen erantzun instituzionalaren oinarrizko printzipioetako batzuk. Foru Aldundiak protokoloaren aurkezpenean emandako datuen arabera, Gipuzkoan, urte hasieratik eta irailera bitartean, 954 emakumek jasan dute indarkeria matxista, iaz epe berdinean erasoak salatu zituztenak baino 87 emakume gehiagok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide