Mikel Larrañaga azpeitiarra Eusko Label Saria Urrezko Aizkora Kopatik kanpo gelditu zen atzo, Jon Rekondoren aurkako norgehiagoka galdu ostean. Atzo jokatu zuten kanporaketa Urrestillako Txikuri pilotalekuan, eta segundo gutxi batzuen aldearekin, baina Rekondok lehenago bukatu zituen lanak. 12 enbor ebakitzeko 23 minutu eta 57 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 24 minutu eta 08 segundo Larrañagak. Beraz, egin beharreko lanak 11 segundo lehenago bukatuta, Rekondok lortu du finalerdietan Iker Vicenteren aurka aritzeko txartela.
Bestalde, Txikuri frontoian bertan jokatu zen Gabonetako Harrijasotze Kopako kanporaketa. Nor baino nor aritu ziren Iñigo Eizagirre
Eiza zarauztarra eta Jon Gisasola mallabiarra. Lehia estua izan zen, baina, lanak bukatzean, Eiza nagusitu zen 60 altxaldi eginda; Gisasolak, berriz, 59 altxaldi egin zituen.
Lehenik 100 kiloko zilindro zaharra altxatu zuten bi minutuko txandan: Eizak 25 aldiz altxatu zuen, eta Gisasolak 26 aldiz. Ondoren, 100 kiloko kubikoaren aritu ziren lanean: Eizak 16 altxaldi egin zituen, eta Gisasolak 13. Azkenik, 100 kiloko bola altxatu behar izan zuten; Gisasolak 20 aldiz altxatu zuen, eta Eizak 19 aldiz. Horrenbestez, Eiza zarauztarrak kopako hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu du.
Hona hemen, atzoko kanporaketetako irudiak (Argazkiak: Ibon Errazu):
[flickr_set id="72157687735674542"]