IRUDI BILDUMA: Indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte Memoriaren Egunean

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 10a

Bizikidetza taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute Orion. EAJk, EH Bilduk eta Orain Plataformak sinatutako adierazpena irakurri dute. (Karkara)                 Azaroaren 10a da gaur, Memoriaren Eguna. Indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte Urola Kostako hainbat herritan; izan ere, elkarretaratzeak egin dituzte gaur eguerdian Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen. Orion, berriz, 19:00etan jarri dute hitzordua. Bizikidetza Batzordeko kideek, batzordean parte hartzen duten udaleko ordezkariek nahiz Herritarren Foroko kideek deitu dute kontzentrazioa, Berriro gerta ez dadin lelopean, plazan. Azkoitiko Udalak deituta, Oroimenean oroitarriaren aurrean elkartu dira EAJko eta EH Bilduko udal ordezkariak nahiz herritarrak. Javier Zubizarreta alkateak lore eskaintza egin die biktima guztiei. Oroimenean oroitarria 2007an jarri zuen Azkoitiko Udalak, herriko biktima oro "ohoratzeko eta gogoratzeko". Azpeitian bost minutuko isilunea egin dute EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek, udal langile hainbatek eta herritarrek. Elkarretaratzera batu dira, gainera, Urrestillako bidegorriaren obren inguruko agerraldian izan diren Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru diputatu Mari Sol Garmendia. Kontzentrazioaren ostean, udaleko ordezkariek lore sorta bat jarri dute Errepublika garaiko azken udal korporazioa oroitzeko jarritako plakaren parean, sanagustinpean. Azpeitiko Udalak Memoriaren Egunaren harira oharra kaleratu zuen atzo. Zarauzko Udalak indarkeria eta giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak gogora ekarri ditu, eta alderdi politiko guztietako -EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi Zarautz- ordezkariek parte hartu dute. Memoriaren Eguna. Azaroak 10 leloa zeraman pankarta zintzilikatu dute udaletxeko balkoian. Elkarretaratzea baino lehenago adierazpen instituzionala egin du Zarauzko Udalak, alderdi guztien babespean. Herritarrak iragana eta gizarte osoak jasandako ondorio "lazgarriak" ez ahazteko gonbita luzatu dute adierazpenaren bitartez, eta biktimei elkartasuna, hurbiltasuna, egia, aitortza eta erreparazioa zor dietela adierazi dute. Bestalde, Memoriaren Egunak elkarrizketa plurala eta iraganaren inguruko gogoeta kritikoa sustatu nahi duela nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen urraketa oinarri harturik. Horregatik guztiagatik, indarkeria eta terrorismo-agerbideak sekula ez direla ez gertatu ez justifikatu behar esan dute, eta giza eskubideak urratu ditzakeen edozein mehatxuri aurre egingo diotela argi utzi dute. Orainaldi eta etorkizunerako "bide baketsu eta demokratikoetan sakontzeko" borondatea erakutsi eta elkarbizitza libre eta baketsua eraikitzeko konpromezuan berretsi dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide