Emakunderen Berdintasunerako Guneko autobus ibiltaria.
Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela-eta, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak hainbat sentsibilizazio kanpaina eramango ditu aurrera berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin. Aurten gizonezkoen jarrera aztertu nahi dute. Izan ere, orokorrean «arreta emakumeengan jartzen» dela diote sail horretatik, eta gizonezkoen papera aztertzea «funtsezkoa» dela. «Gizonezkoek emakumearen ondoan borrokatu behar dutela uste dugu, emakumearen kontrako diskriminazioarekin amaitzeko, berdintasunaren alde pausoak emateko eta indarkeriarekin amaitzeko».
Hori dela eta, berdintasunaren aldeko manifestu bat landu nahi dute gizonezkoekin, lan talde bat osatuz. Bihar goizean, Emakunderen XIV. Berdintasunerako Guneko autobus ibiltaria helduko da herrira, eta hori aprobetxatuz, manifestua lantzeko eta sinatzeko asmoa dute. Hain zuzen ere, Gizonduz elkarteko kide Mikel Otxotorenarekin landuko dute testua herriko gizonezkoek.
Parekidetasun sailetik dei egin diete gizonezkoei lan talde horretan parte hartu eta manifestura atxikitzeko. Autobus ibiltaria itsas pasealekuan egongo da, La Perlako jaitsieran. 10:00etatik 12:00etara landuko dute testua, eta 12:00etan sinatu. Ondoren, 13:00etan, manifestu hori aurkeztuko dute.