Arkamurkako kideak, udal ordezkaria eta auzotarrak parkea aztertzen (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Zarauzko Udala hainbat lan ari da egiten Vista Alegreko parkean, inguruari balioa emateko asmoz. Horrekin lotuta, Arkamurka natur elkartearekin hitzarmena du sinatuta. Helburua da arkamurkak edo artelatzak berreskuratzea, «parkearen izaera urbanoa galdu gabe». «Bi aldeak uztartzea beharrezkoa da Natura 2000 sarean dagoen parke hau berreskuratzeko», nabarmendu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.
Horri lotuta, asmoa da gaur egungo artelatzak mantentzea eta horien presentzia areagotzea, zuhaitz gehiago landatuz. Hala, aisialdirako parkea «zertxobait» aldatuko dute, hainbat zuhaitz kenduz mehatxupean daudenei tartea eginez. Modu horretan, Europako ingurumen legea beteko dute, hau da, arkamurken egoera hobetuko dute.
«Zuhaitz batzuk derrigor kendu behar dira inbaditzaile garbiak direlako eta kontrolik gabe ugaritzeko joera dutelako», azaldu du Arkamurkako kide Jon Zulaikak. Haren arabera, artelatz batzuk «menderatuta» daude inguruko zuhaitzengandik nahiz espezie exotikoengatik. Hala, hainbat tuliparbola txiki kanporatuko dituzte, eta baita palmondo batzuk ere.
Era berean, bospasei haritz kentzekoak dira. «Arkamurkengandik hain gertu egonik, bata edo bestea hautatu beharra daukagu. Ez zaigu gustatzen neurria, baina leku zehatz honetan haritza arrunta da arkamurkarekin alderatuz».
Zuhaitzen artean «izugarrizko lehia» dagoela adierazi du eta, kasu gehienetan, arkamurka dela «ahulena». «Horren ondorioz, artelatz batzuk hiltzear daude, eta beste batzuk lehiagatik hil dira dagoeneko. Beste batzuen egoerari ezin zaio buelta eman». Zentzu horretan, garbiguneak sortuko dituzte artelatzei tokia eginez. Bestalde, «ahalik eta arkamurka gazte gehien» landatuko dituzte.
Horrekin batera, «baso naturaletan ohikoak diren elementuak ere gehituko ditugu; lehortutako enborrak, esaterako». Halaber, saguzarrentzat babeslekuak eta panel berriak jarriko dituzte, arkamurkak berreskuratzeko egingo diren lanen nahiz espezie berezien inguruko informazioa helarazteko.