Zarauzko EH Bilduko ordezkariak Santa Klarari buruz egindako agerraldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Ekaina bukaeran utzi zuten Santa Klara komentua bertan bizi ziren azken mojek, Oñatiko Bidaurreta egoitzara lekualdatzeko. Ordutik, hutsik dago eraikina eta horren orubea. Horren erabilerak nolakoa izan beharko lukeen aztertzeko parte hartze prozesua abiatuko du EH Bilduk, herritarren zein eragileen iritziak jasotzeko eta proposamen zehatz bat osatzeko.
Mikel Goenaga koalizioko bozeramaleak adierazi duenez, "garrantzia handiko" gunea da: "Herriaren garapenerako estrategikotzat jotzen dugu eremu hori, eta horregatik uste dugu herritarren esku jartzea lehentasunezkoa dela". Gogoratu du Zarauzko bihotzean dagoen "dimentsio handiko" espazioa dela, berdegune zabala duela inguruan eta zerbitzu publikoen aldetik herriko eskaintza "hobetuko" lukeela; besteak beste, Sanz Enea liburutegiari, Ebro Etxeari eta Villa Mundari "arnasa emango" liokeelako.
EH Bilduk ez du "proposamen itxirik" esku artean. Hain zuen ere, herritarrekin zein eragileekin landu nahi du komentuak eta horren inguruak zein erabilera izan beharko lukeen eta hori nola kudeatu beharko litzatekeen. "Santa Klarako espazioak eskaini ditzaken aukera anitzekin proposamen zehatz bat osatu nahi dugu, eta ondoren, hori udalean eskaera moduan erregistratu", adierazi du Goenagak.
Dagoeneko bildu dira hainbat eragilerekin, eta Gabonak bitartean beste hainbesterekin bilduko dira. Urtarriletik aurrera, berriz, auzoz auzo egingo dituzte bilera irekiak, herritarren iradokizunak jasotze aldera.
Informazio zabala
Bilera horietan informazio zabala eskainiko diete EH Bilduko kideek eragileei eta herritarrei, "zarauztarrontzat ahalik eta proposamen egokiena" osatzeko. Hain justu ere, azken asteotan hainbat eredu bisitatu dituzte, EH Bilduko ordezkari Ane Arrutiren esanetan, "Zarauzko errealitateari eta Santa Klarari egokitzeko adibideak ezagutu eta hainbat kudeaketa aukera" ikusteko. Hala, besteak beste, Bilbon, Gernikan eta Azpeitian izan dira herri horietan eman diren prozesuak eta irtenbideak bertatik bertara ezagutzeko.
Era berean, Ainhize Larramendi arkitekturako ikaslearekin ere izan dira. Ikasketa amaierako proiektua Santa Klarako komentuaren inguruari buruzkoa ari da egiten, eta harekin bildu dira plano digitalizatuak eskuratu eta eraikinak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko. Larramendik landutako proposamena azalduko diete herritarrei eta eragileei, eta baita EH Bilduk 2012an kultur ekipamenduen inguruan aurrera eramandako parte hartze prozesuko ondorioak ere. Horrekin batera, Ariola kultur ekimenak landutakoa ere baliatuko dute.
Santa Klara komentua eta ingurua goitik ikusita.
5.000 metro koadrotik gora
"Santa Klarako eraikinak, bere tamainagatik eta kokalekuagatik, aukera izugarriak eskaintzen ditu", adierazi du Arrutik. Azpiegitura aldetik, eliza, apaiz etxea, klaustroa eta ukuilua ditu; hiru solairu eta sotoa dituzte apaiz etxeak nahiz klaustroak. Era berean, zelai eta baratze zabalak ere baditu, "herriaren erdigunean espazio berde handi bat eskainiko luketenak".
"Zarauztar gehienok amestu dugu noizbait Santa Klara inguruko horma eraitsi eta guztiok inguru horretaz gozatzeko aukera izatearekin", nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak: "Orain arte itxita egon da, baina heldu da horri eutsi eta herritarron amets eta beharrei erantzuteko garaia".
Klaratarrekin harremana
Eraikina eta orubea klaratarrenak dira, eta Goenagak eta Arrutik jakinarazi dutenez, Udal Gobernua harremanetan jarri da haiekin. "Udal Gobernuak borondatea erakutsi du Santa Klara bereganatzeko, eta adierazi digutenez, klaratarrek lehentasunezko erosletzat du udala". Hori gertatu bitartean, lehenbizi espazioaren erabilera adostu behar dela diote, eta proposamena herritarrekin osatu behar dela.