Izeta II.a, bere seme Hodei eta anaia Jexux Marirekin, bere 44. marka hautsi ondoren. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Esan eta egin: 20 minutuan baino gutxiagoan eraman ditu bizkarrera Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak 10.000 kilo. Zehazki, 50 urterekin, 18 minutu eta segundu bat behar izan ditu aiarrak 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindroa bakoitza 50 aldiz jasotzeko, azken hori esku bakarrarekin.
Bere buruari ezarritako erronka beteta, omenaldi beroa jaso du bere agurreko ekitaldian. Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Aritzbataldi pilotalekuan, harrijasotzaileak bere 44.marka nola hausten zuen ikusi eta hura omentzera. Bertan izan dira hainbat eta hainbat urtetan harekin plazaz plaza aritu diren harrijasotzaile eta aizkolariak. Erakustaldi zabala eskaini dute, Izeta II.aren ibilbidea aitortzeko.
Xabier Euzkitzek eta haren seme Anerrek hainbat bertso bota dizkiote, eta Zarautz abesbatzakoek ere abestuz agurtu dute. Ekitaldiaren amaieran, berriz, hainbat oroigarri eskaini dizkiote aiarrari.
Ikusi Zarauzko Hitzaren atarian erronkako nahiz omenaldiko irudi galeriak.