Nahikari Gabilondo: "Gauza asko elkartu zaizkit batera, eta opari handi bat da finalaurrekoan aritzea"

Aritz Mutiozabal 2017ko urr. 25a, 11:35

Bertsolari Txapelketako lehen finalerdia jokatuko du bertsolari zarauztarrak larunbatean, Bastidan. Tokatu zaion taldearekin gustura agertu da, «hoberik ezingo nuke eduki» adieraziz.

Nahikari Gabilondo, Zumaiako kanporaketako saioan (Gari Garaialde). Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketak jokatuta, finalaurrekoekin hasiko dira orain. Larunbat honetan izango da lehena, Bastidako (Araba) kiroldegian, 17:00­etan hasita, eta bertan ariko da Nahikari Ga­bilondo bertsolari zarauztarra. «Lasai aurkitzen naiz. Kezka puntu txiki hori beti hor dago, ongi egin nahi duzulako. Behin hona iritsita, txukun aritu nahi dut, nigatik eta finalaurrekoetara pasatu ez direnekiko errespetuz. Gogoz nago, egia esan», aditzera eman du. Zumaiako final laurdeneko saioan baino «nekatuxeago» sentitzen dela dio, kanpoko lana pilatu zaiolako, baina «bertsotarako eta sentipen aldetik puntu onean aurkitzen naiz orain ere». Argi dauka bere helburua ez dela final nagusirako sailkatzea: «Zumaian sentitu nintzen bezain pozik eta eroso sentitu nahiko nuke saio guztian. Horrekin nahikoa nuke, sailkapenak berdin dit». Finalaurrekoetara sailkatzea «emozioen nahasketa» bat izan da Gabilondorentzat: «Pozik zaude, ongi egindako lana sari gisa ikusten duzulako, baina bestetik ‘non sartu ote naiz’ pentsatzen duzu. Edonola ere, batez ere sentipen positiboak ditut».

«Sekulako taldea»

Igor Elortza, Sustrai Colina, Jon Martin, Agin Laburu eta Jone Uriarekin partekatuko du oholtza gaina: «Sekulako taldea daukat. Kanturako  eta oholtzarako lagun onak dira, eta binaka aritzeko oso aproposak». Talde horretan abesteko «kapritxoa» zuela aitortu du, gainera: «Talde hoberik ezingo nuke eduki». Alde horretatik, eskerrak emateko moduan dagoela azaldu du. Finalerdietara sailkatu nahi ote zuen zalantzak izan ditu, baina «kontziente nintzen hor zegoela, eta saio hau berezia izango zela niretzat, Igor Elortzarekin eta Sustrai Colinarekin abesteko aukera izateagatik». Bestalde, Bastidan izatea eta egun horretan jokatzea ere «berezia» da bertsolariarentzat.  «Alde batetik, nire semearen urtebetetze eguna da. Nolabaiteko mina egiten dit, umeari huts egiten diodan sentipena dudalako, baina pentsatzen dut ez dela kasualitatea egun horretan tokatzea. Bestetik, guk bagenuen bertsoari oso lotua zegoen lagun-min bat, duela bost urte zendu zena, eta hark Bastidan zuen etxean asteburu pasa politak eginak izan ditugu. Beraz, seinale gisa jaso dut bertan aritzeko aukera, gertu sentitzeko modu bat bezala». Gabilondoren hitzetan, «gauza asko elkartu zaizkit batera, eta opari handi bat da niretzat larunbatean kantatzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide