Igandeko Mobibike Egunean parte hartuko duten askotariko eragileetako batzuk, atzoko aurkezpenaren ondoren. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
«Minbizia duzula esaten dizuetenean, kolpe gogorra izaten da baina kemenarekin eta umorearekin aurrera ateratzea posible da. Irribarrea baita gaitz bati aurre egiteko sendagai onena». Markel Irizar txirrindularien hitzek bat egiten dute Mobibike Egunarekin. Igandean ospatuko dute Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearen aldeko bederatzigarren jaialdia, Miren Letamendia Osasuneko zinegotziaren esanetan, «elkartea diruz laguntzeko eta, bereziki, etxeko txikienek egun eder bat pasatu dezaten».
Izan ere, «hainbeste jenderen energia eta goxotasuna sentitzea ezinbestekoa» da eritasun hori pairatzen dutenentzat. Aspanogiko lehendakari Bittor Andonegik adierazi duenez, «jendearen indarra gure indar bihurtzeak bultzada ematen du egunero-egunero borrokatzen jarraitzeko». «Pozak bezala, tristurak ere partekatzea beti delako goxoagoa», Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoaren iritziz.
Hala, igandekoa «egun alaia eta zoriontsua» izan dadin, ohiko egitarau betea prestatu dute Aspanogi elkarteko ordezkariek. BTT irteerarekin emango diote hasiera Mobibike Egunari, 09:00etan kiroldegi ingurutik abiatuta. Ordu erdi geroago, triatloi txikia jokatuko dute, kiroldegian bertan. Hiru maila izango dira: benjaminak (8-9 urte bitartekoak), alebinak (10-11 urte bitartekoak) eta infantil-kadeteak (12-15 urte bitartekoak).
11:00etan izango da goizeko ekitaldi nagusia: pertsonaia ospetsuekin bizikleta martxa. Kiroldegitik abiatuta,ia 6 kilometroko itzulia egingo dute parte hartzaileek herrian zehar. Aldi berean, haurrentzako bestelako zirkuituak, erakusketak eta taberna ere izango dira Klabelinsoro kalearen inguruan.
Elkartasuna adieraztera
Askotariko arloetako eragileak bilduko ditu eguneko azken ekitaldiak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun bereziak, hain zuzen ere. Pailazoekin bat egingo dute Aritzbataldeko oholtza gainean, besteak beste, osasun arloko langileek, pilotariek, ZRT Zarautz Rugby taldeko ordezkariek, Aiala emakumezkoen eskubaloi taldekoek, suhiltzaileek, harri jasotzaileek, Orioko arraun taldeko kideek, Gipuzkoako kirol egokituko federazioko Zarauzko kideek, txirrindulariek, Untza musika taldekoek eta Santa Ana zein Maria Etxetxiki egoitzetako adinekoek, haurrekin batera.
Txandaka, abestiren bat kantatuko eta dantzatuko dute horiek. Haizea Goikoetxea Aialako kapitainak adierazi du eurek «partidaro jasotzen duten babes hori transmitituko» dutela, eta Orioko arraun taldeko entrenatzaile Jon Salsamendik, berriz, aurtengo denboraldian olatuetan «ongi dantzatu» dutela eta igandean ere hala egiten saiatuko direla. ZRTko ordezkariek ere «bultzada» emango diote ekitaldiari, dantzatuz.
Iosu Txapartegi
Txapas musikariak haurrak eta adinekoak batuko ditu elkarrekin abestea «zein ederra» den erakusteko. Jon Mujika suhiltzaileak nabarmendu du berak eta haren lankideek «sua piztu» eta «berotasuna emango» diotela elkartasun jaialdiari.
Zentzu horretan, Haritz Esnal sendagileak gogoratu du askotan albiste txarrak ematea tokatzen zaiela osasun arloko langileei, eta une gogor horiei aurre egiteko «ezinbestekoak» direla igandekoa bezalako festak. Horregatik, bertan izango da talde bat, «egun polita» gogoratzeko. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziokoek, euren eguneroko jardueran bezala, ametsak betetzeko mugak gainditzea zein «garrantzitsua» den erakutsiko dute, «dantza eginez eta ongi pasatuz».
Haimar Zubeldia txirrindulariak adierazi du «plazera» dela «alde guztietatik erantzuna eta laguntza jasotzea». Horregatik, hark eta Jose Luis Fernandez Vilchez Aspanogiko ordezkariak herritar guztiak gonbidatu dituzte «egun alaia» pasatu eta elkarteko ordezkariei babesa agertzera. «Egunen batean minbizia iraganeko gaixotasuna bihurtu dela ospatu bitartean», Irizarren hitzetan.