Berdintasunaren aldeko manifestua landuko dute gizonezkoekin Zarautzen

zarauzkohitza.eus Aktualitatea. 2017ko urriaren 24a

Azaroaren 8an Emakunderen XIV. Berdintasuneko Guneko autobus ibiltaria helduko da herrira, eta bertan landuko dute testua. Parekidetasun sailetik hori osatzeko antolatuko dute lan taldean parte hartzera animatu dituzte herriko gizonezkoak.

Hainbat hiri eta herritatik igaro ondoren, azaroaren 8an helduko da Zarautzera Emakunderen XIV. Berdintasuneko Guneko autobus ibiltaria. (Emakunde) Datorren azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela jakinda, Parekidetasun sailak hainbat sentsibilizazio kanpaina eramango ditu aurrera, berdintasuna sustatu eta indarkeria matxistari aurre egiteko helburuarekin. Aurten gizonezkoen jarrera aztertu nahi dute. Izan ere, orokorrean "arreta emakumeengan jartzen" dela diote sail horretatik eta gizonezkoen papera aztertzea "funtsezkoa" dela. "Gizonezkoek emakumearen ondoan borrokatu behar dutela uste dugu, emakumearen kontrako diskriminazioarekin amaitzeko, berdintasunaren alde pausoak emateko eta indarkeriarekin amaitzeko". Hori dela eta, berdintasunaren aldeko manifestu bat landu nahi dute gizonezkoekin, lan talde bat osatuz. Azaroaren 8an Emakunderen XIV. Berdintasuneko Guneko autobus ibiltaria helduko da herrira eta, hori aprobetxatuz, manifestua landu eta sinatzeko asmoa dute. Testua Gizonduz elkarteko Mikel Otxotorenarekin landuko dute gizonezko herritarrek. Parekidetasun sailetik dei egin diete gizonezkoei lan talde horretan parte hartu eta manifestura atxikitzeko. Autobus ibiltaria itsas pasealekuan egongo da, La Perlako jaitsieran. 10:00etatik 12:00etara landuko dute testua, eta 12:00etan sinatu. Ondoren, 13:00etan, manifestu hori aurkeztuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide