San Martin, Izeta II.a, Collantes eta Iraola, gaurko aurkezpenean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
"Nire eguna iritsi da", aitortu du Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak. "Aspalditik nuen pentsatuta 50 urterekin eta momentu onean erretiroa hartzea". "Urte asko daramatzat honetan. Asko eman dit harriak baina iritsi behar zuen momentua, kirolari guztiek bezala, ibilbideari amaiera emateko".
32 urtez harria jasotzen ibili ondoren, duela hilabete batzuk erabaki zuen "garai guztietako harri jasotzaile onenetarikoak" txapelketari agur esatea. Hori dela eta, urriaren 28rako, datorren larunbaterako ekitaldi "oso berezia" antolatu dutela iragarri du Iban San Martin Kirol zinegotziak. Izan ere, erronka bat beteko du Iruretagoienak bere agurreko ekitaldian: txanda bakar batean 10.000 kilo altxatuko ditu, bi harrirekin.
Ekitaldiak hiru zati izango dituela jakinarazi du Juan Mari Iraola ZKEko Herri Kirol saileko lehendakariak, eta bigarrengoa izango da nagusia: orduan saiatuko da Izeta II.a bere buruari ezarritako erronka aurre egiten. 50-50-50 deitu dio harri jasotzaileak berak probari. Hain zuzen ere, 50 urterekin, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindroa bakoitza 50 aldiz jasotzen saiatuko da. Bigarren hori, gainera, esku bakarrarekin. Modu horretan, txanda bakar batean eta atsedenik hartu gabe, bizkarrera 10.000 kilo eramateko saiakera egingo du.
Egin beharreko lana "gogorra" izango dela aurreikusi du Iruretagoienak, baina nabarmendu du "marka berezia" eginez agurtu nahi zuela. "Gogorra izango da, bereziki, bi harri izango direlako eta bigarrengoa esku bakar batekin altxatuko dudalako". Adierazi du orain arte ez dela halako erronkarik aurrera eraman: "Neu izango naiz lehenbizikoa marka hori egingo duena". "Luze iraungo duen marka izango da", gaineratu du Iraolak.
Aurreratu du "nahiko ongi" dagoela prestatuta erronkari eusteko, eta bere nahia dela ezarritako lana 20 minutuan baino gutxiagoan burutzea. "Pentsatzen dut lortuko dudala", dio. "Agur eder batekin, espero dut jaialdi polita izango dela".